Delitu kopuruak behera egin zuen iaz Bidasoan
Eskualdeko bi udalek, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak 2020ko delitu egitateen balantzea eta analisia egin berri dute. 2019arekin alderatuta, %5,44 jaitsi ziren iaz arau hauste penalak Irunen.
Irun zein Hondarribiko udaletako Udaltzaingoa Koordinatzeko Batzordea eta Ertzaintza bildu zen joan den asteartean Irunen, 2020ko delitu egitateen balantzea eta analisia egiteko. Bertan, bi udalerrietako alkateez gain, Ertzaintzako lurralde arduradunak, Irungo ertzain etxeko arduradunak eta eskualdeko udaltzaingoetako arduradunak izan ziren.
Balantzeari dagokionez, 2020an arau hauste penal gutxiago izan ziren Irunen 2019arekin alderatuta, zehazki, %5,44 gutxiago (2019an 2.980 izan ziren, eta iaz aldiz, 2.818). Hala, tasa 1.000 biztanleko 47,76tik 44,79ra jaitsi da. «Tasaren jaitsiera kontuan izanik, Euskadiko udalerri nagusietakoarekin konparatzen badugu, ikusiko dugu Irun Euskal Autonomia Erkidegoko 50.000 biztanletik gorako udalerririk seguruenetan bigarrena dela», esan zuen bilera horretan Cristina Laborda Irungo Udaltzaingoko ordezkariak.
Asteartean emandako datuen arabera, iaz ia delitu modalitate guztiek egin zuten behera bi udalerrietan, bereziki ondarearen aurkako delituek eta pertsonen aurkakoek.
Datuak
2019an pertsonen kontrako 194 delitu kasu izan baziren, iaz berriz 170 eman ziren. Bestalde, sexu askatasunaren kontrako delituak ere jaitsi direla ondorioztatu dute (2019an 25 kasu izan ziren, eta iaz aldiz, 24).
Ondarearen kontrako delituei dagokionez, indarkeriaz edota larderiaz egindako lapurreta gutxiago izan dira Irunen: 2019an 61 izan ziren, eta 2020an 36, hau da, %40,98 gutxiago. Etxeko lapurretek ere %24,69ko beherakada izan dute. Azkenik, ebasketek ere nabarmen behera egin dutela ondorioztatu zuten astearteko bilkuran: Irunen 1.007 kasu izatetik 563 zenbatzera pasatu dira. Salbuespen gisa, iruzur delituek nabarmen gora egin dute, udalaren arabera, «alarma egoeraren ezaugarri espezifikoengatik eta online askoz ere eragiketa eta erosketa gehiago egin direlako». Zentzu honetan 2019an 300 salaketa jaso zituen Udaltzaingoak, eta iaz berriz, 757, Irun zein Hondarribian.
Osasun publikoaren aurkako delituek ere behera egin zutela ondorioztatu dute. Irunen estupefazienteen trafikoari dagokionez, arau hauste penal gutxiago egin dira, 37 kasutik 24ra jaitsi da. Alkoholaren, drogen eta abarren eraginpean gidatzearekin lotutako delituak ere jaitsi dira, %21,69ean. Arau hauste administratiboak aldiz, zeharo igo dira, ia hirukoiztu egin dira: Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren kasuan Herritarren Segurtasunari buruzko Legearen aurkako 1.564 arau hauste egin ziren iaz, eta 2019an aldiz, 447.
Amaitzeko, patruila lana indartzen jarraitzeko apustua egin zuten astearteko bilkuran Udaltzaingoak zein Ertzaintzak, bai autoz eta baita ere oinez, «herritarrek segurtasun pertzepzio handiagoa izan dezaten eta bizilagunek segurtasunaren alorren dituzten beharrei erantzuteko, eta baita giza baliabideak eta baliabide materialak hobeto aprobetxatzeko ere».