Remigio Mendibururen erakusketarik osatuena abiatu dute Bilbon
'Mendiburu. Materia eta memoria' izenburupean eskultore hondarribiarraren ibilbide artistiko eta profesionala errepasatzen du erakusketak.
Remigio Mendiburu eskultore hondarribiarraren obra jasotzen duen erakusketarik zabalena martxan jarri dute gaur Bilboko Arte Ederren Museoan. Mendiburu. Materia eta memoria izenburupean, eskultore hondarribiarraren obra hastapenetik ia zendu arte jasotzen du erakusketak. Gaur hasi eta irailaren 5era arte bisita daiteke.
Mendibururen ibilbide profesionala aintzat hartuta, lau areto ezberdinetan banatuta daude artistaren 120 artelanak. Lehenean, 1960. hamarkadaren hasieran gorputz eskultorikoekin izandako lehen hartu-emanetako sorkuntza lanak ikus daitezke. Hamarkada horren bukaeran hasitako prozesu esperimentalak betetzen du bigarren aretoa. Ondoren, 1970. hamarkadaren eta hurrengoaren hasieran sortutako obrak ditu ardatz. Azkenik, 1980. hamarkadaren erdialdetik bereganatutako hizkera isil eta delikatuagoan barneratzen doa Mendiburu pixkanaka artelanetan.