Online bidez egingo dute KREA Bidasoaren hamabigarren edizioa
Ekitaldi guztiak Irun Factoryn egingo dituzte, eta herritarrek streaming bidez jarraitzeko aukera izango dute. Jardunaldia hilaren 29an izango da.
Hilaren 29an helduko da KREA Bidasoaren hamabigarren edizioa, ezohiko moduan aurten. Pandemia dela eta, modu telematikoan egitea erabaki dute antolatzaileek. Zehazki, ekitaldi guztiak Irun Factoryn egingo dituzte, eta herritarrek streaming bidez jarraitu ahal izango dituzte, Youtuben.
Aurten ere enpresek eta beste erakunde publiko zein pribatuek harremanak egiteko, negozio aukerak identifikatzeko, ezagutzak zabaltzeko eta beste esperientzia eta joera berriak ezagutzeko probestuko dute jardunaldia.
«Iaz ezin izan genuen ekitaldi hau egin, baina aurten ez dugu aukera galdu nahi izan. Beraz, egungo egoerara egokitu gara berriro ere, gure eskualdeko pertsona ekintzaileei laguntzen jarraitu ahal izateko eta haiei topagune bat eskaintzeko, nahiz eta aurten ezberdina izan, beren proiektuetarako harreman interesgarriak ezar ditzaten. Halaber, gure lurraldean dauden baliabideak, talentua eta berrikuntza balioestea da KREAren beste helburu bat», azaldu du Miguel Angel Paez Bidasoa Bizirik-eko presidenteak.
Agentziako presidenteorde Maria Serranok erantsi duenez, aurten «inoiz baino gehiago teknologia eta joera berriak zein garai berrietara egokitzen diren negozioak ezagutzeko topagune» izango da KREA Bidasoa.
Goizean zehar hitzaldiak, kasu praktikoen ikustaldiak eta zuzeneko elkarrizketak egingo dituzte. Ekitaldia Bask Tree Boys antzerki taldeak girotuko du. Amaitzeko, inguruko enpresa edo ekintzaileek beren proiektu ideiak, enpresa berriak, egin dituzten lanak edota izan duten ibilbidea jendaurrean aurkezteko aukera izango dute.
Programa osoa, esteka honetan kontsulta daiteke.