[Galeria] II. Errepublikaren 90. urteurrena ospatu dute irundarrek
Hiru koloreko bandera zintzilikatu zuen atzo Nicolas Gerendiain talde errepublikanoak San Juan plazan. Gaurko eta larunbaterako ekitaldi gehiago antolatu dituzte.
Espainiako II. Errepublika aldarrikatu zela 90 urte bete dira gaur, eta urteurrena ospatzeko urteroko ekitaldi sinbolikoa egin zuen atzo San Juan plazan Irungo Nicolas Gerendiain elkarte errepublikanoak. Hamarka lagun bildu ziren bandera errepublikanoa igotzeko ekitaldian, eta azken urteetan ez bezalaxe, alderdi sozialistaren ordezkaritza izan zen, tartean, lehen aldiz, Jose Antonio Santano alkatea eta PSE-EEko zenbait ordekari bertaratu ziren. Hauekin batera, Elkarrekin Podemos-IU eta EH Bilduko zinegotzi ugari ere izan ziren.
«1939an kendu ziguten legezkotasuna aldarrikatzen jarraitzen dugu. Frankismoaren eta monarkiaren legezkotasunik eza eta biharko egunez duela 90. urte aldarrikatutako erregimen errepublikanoa berrezartzea eskatzen dugu. Urtero bezala, ekitaldi honen bidez, gaur gure egiten ditugun ideien alde aritu eta borrokatu ziren guztiak gogoratu eta omendu nahi ditugu. Gora Errepublika, gora apirilaren 14a!», esan zuten talde errepublikanoko kideek.
Ondoren, alkateak hartu zuen hitza. «Ezer baino lehen eskerrak eman nahi dizkizuet Nicolas Gerendiain elkarteari ekitaldi honetan parte hartzeko gonbitagatik. Aldi beran, eskertu nahi dizuet gure hirian memoria historikoa berrekuratzeko egin duzuen lan nekaezinagatik. Zalantzarik gabe nora goazen jakiteko nondik gatozen jakin behar da. Aukera hau baliatu nahi dut halaber Irungo Udalak ahaztutako biktima askoren oroimenaren konpromisoa azpimarratuz, beti ere balio demokratikoak defendatuz eta inoren aurka joan gabe. Alderantziz, bizikidetza eta hobekuntza gizarte gisa bilatuz beti. Errepublika garaia Espainiako demokraziaren une gorena izan zen. Bandera hau, argia irudikatu zuen bandera hori, berehala itzali zuten, estatu kolpe, gerra zibil eta 40 urteko diktadura baten ostean».
Ekitaldi gehiago
Gaur berriz, karabana errepublikanoa abiatuko da Stadium Galetik (18:30ean), eta hiriko auzoak bisitatuko dituzte. Horrez gain, gaurko egunari begira hiru koloreko bandera balkoietan zintzilikatzeko deia egin du talde errepublikanoak. Baina ekitaldi nagusia larunbatean izango da (hilak 17). II. Errepublikaren alde borrokatu zutenak omenduko dituzte Etorbidearen zubian, 11:00etatik aurrera.