Bertako produktuari balioa emateko aste berezia antolatu dute
Hondarribiko azokako ekoizleek eta bertako sukaldariek indarrak metatuko dituzte hilaren 19tik 25era egingo duten Bertako Produktuaren Astean.
Hilaren 19tik 25era bitartean egingo dute V. Bertako Produktuaren Astea, gaur goizean aurkeztu dutenez. Ekoizleek eta herriko sukaldariek bat egingo dute astebetean, bertako produktuari balioa emateko batetik, eta jaki horiek kozinatzen ikasteko errezetak herritarren eskura jarriz, bestetik.
Juan Luis Silanes Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, COVID-19a medio ohiko formatuari buelta bat eman dio udalak. Hortaz, bideotailerrak eta bideoerrezetak nagusituko dira astean zehar.
“Sasoiko produktuak” eta “ekonomia zirkularra” bultzatzeko beharra nabarmendu ditu Gorka Irisarri Danontzat gastrotekako arduradunak bere aldetik. Azokara egunero joan ahal izateko itxaropena ere agertu du, eta ez soilik asteazkenetan eta larunbatetan, “erosketa kontzienteagoa eta errespetuzkoa” egiteko.
Hondarribian zein produktu nabarmenduko luketen galdetuta, “produktu berdea” nagusitzen dela Hondarribian adierazi du Irisarrik, “eztia, arrautzak, intxaurrak… ere dauden arren, produktu berdea (porrua, letxua, tipulina…) nabarmentzen da, bereziki zaporetsua eta usaintsua dena”.
Amona Magaritako Martin Beramendik areago jo du: “Esango nuke eguneroko produktu horiek ez direla zertan izarrak izan behar. Bertako porrua eta beste toki batekoa probatzeak ez du zerikusirik, deus ez. Gauza bera tipulina, azalorea eta abarrekin, etxeko sukaldeetan hain arruntak diren gauzekin; ez dute zerikusirik”.
Programazioa
Hondarribiko Udalak aurki jarriko du jarduera eta dinamika ezberdinen informazio guztia azokaren webgune berezian zein Bertako Produktuaren Asteko publizitatean jarritako QR kodigoetan ere.
Ondokoa da aurreikusitako egitaraua:
- Hilak 19: Plumcake bideoerrezeta Martin Beramendi Amona Margaritako arduradunaren eskutik.
- Hilak 20: Arrautza eta bakailaoa bideoerrezeta Adur Arrieta Tatapas gatrotekako sukaldariaren eskutik.
- Hilak 21: Ezusteko menua Arroka Berriko Gorka Cepeda sukaldariaren eskutik (zuzenean). Egun horretan errezeta egiteko osagaien bila azokara hurbiltzen diren lehen hogei lagunek debalde jasoko dute.
- Hilak 22: Hondarribiko berdela Jon Couso Arraunlari Berri jatetxeko sukaldariaren eskutik.
- Hilak 23: Eli Gallego diestista eta nutrizionistaren zuzeneko tailerra eskainiko du Errezeta Dibertigarriak izenburupean, 17:30ean. Eguneko bideoerrezetak pizza begetala kozinatuko du Peccato Pizzeriako Gaizka Tijeroren eskutik.
- Hilak 24: Eli Gallegok Batch Cooking zuzeneko tailerra emango du, 11:00etan. Bestalde, tosta eta berenjena uztartuko ditu Mikel Muñoz Gran Sol tabernako sukaldariak.
- Hilak 25: Barazki tostak Gorka Irisarri Danontzat gastrotekako sukaldariaren eskutik.
- Maiatzak 8: Bokata osasuntsuak zuzeneko tailerra Eli Gallegoren eskutik, 17:30ean.
Aiptutako guztiaz gain, zazpi saski zozkatuko ditu udalak. Horretarako ondoko urratsak bete beharko dituzte interesdunek: bideoerrezetaren batean oinarritutako argazkia Instagramera igo, Hondarribiko Udala etiketatu, eta azkenik, udalaren kontua jarraitu.