Zaintza lehen lerroan jarriko dute
Bi jardunaldi antolatu dituzte BDS Koop-eko zenbait kooperatibek. Hauetan, «bestelako etxebizitza eta bizitzeko eredu batzuk» eta pandemia hasi zenetik Euskal Herrian sortutako zaintza sare ezberdinak aurkeztuko dituzte.
Zaintzaren gaia lehen lerroan jartzeko apustua egin dute BDS Koop eraldaketa fabrikako zenbait kooperatibek. Hiritik At, Parean elkartea eta LZB Arkitekturak Deustuko Unibertsitatearekin indarrak batu dituzte, eta bi jardunaldi berezi antolatu dituzte hil honetarako. Lehena ostegunean (hilak 15) izango da, eta bigarrena aldiz, hilaren 24an (larunbata da).
Azken urteetan jorratutako proiektuetatik dator ideia, gaur Mikel Valero eta Oihana Llorentek azaldu duten bezala. «Pandemia hasi zenetik eta itxialdia eman zenetik zaintzaren gaia mahai gainean jarri da, aurretik ere feminismotik batez ere landu dena, eta azken hilabeteetan beste dimentsio bat hartu du gaiak». Horregatik azkenaldian Euskal Herrian eman diren proiektu eta esperientziak Irunera ekartzeko apustua egin dute, irundarrekin elkarbanatzeko asmoz.
Lehen jardunaldian, Zaintzarako arkitektura izeneko saioan, «bestelako etxebizitza eta bizitzeko eredu batzuk» aurkeztu nahi dituzte, hala nola, Usurbilgo belaunaldi arteko proiektu bat eta Donostian egindako belaunaldi arteko kooperatiba bat. Bi proiektu hauetan lagun izan dira Bidasoko kooperatibak, eta arkitekturatik, antolaketa eta eredu juridikotik eta zaintzaren ikuspegitik Euskal Herrian eman diren esperientziak ezagutuko dituzte irundarrek. Osteguneko saioa 18:30ean izango da, Palmera Monteron.
Bestalde, hilaren 24an, Errenteria-Orereta, Oiartzun, Tolosa edo Beterri Buruntza eskualdeko udalek abiatutako proiektuen gainean ariko dira. Pandemia hasi zenetik sortutako zaintza sare ezberdinen gaineko ikerketa bat egiten ari dira, Valeroren ahotan, «elkarlan publiko-komunitarioa nola indartu daitekeen jakiteko klabe batzuk bilatzeko». Alde batetik, Beterri Buruntzako udalek egindako zaintzaren demokratizaziorako diagnostikoa aurkeztuko dute. Bestetik, Getxoko zaintzaren inguruko proiektu publiko-komunitario batez ere ariko dira. Amaitzeko, Madrid ciudad de los cuidados izeneko esperientzia aurkeztuko dute. Saioa 10:00etan hasiko dute, Palmera Monteron.
Honez gain, proiektu honetan parte hartzen ari diren udalekin mahai inguru bat egiteko asmoa dute, «azken hilabete hauetan ikasitakoa elkarbanatzeko eta horren inguruan hausnartzeko». Llorentek nabarmendu du gai honetan erakundeek izan beharko luketen inplikazioa, eta bai ala bai erakunde publikoetatik erantzun beharreko gai bat dela, «osasuna edo hezkuntza ulertzen dugun bezala».