Hilaren 19tik 24ra irekiko du udalak Uda Abenturan aurrematrikulazio epea
2007, 2008 eta 2009 urteetan jaiotakoei zuzenduta dago aurtengo ekitaldia, euskaraz garatuko da, eta hamabost eguneko bi txanda aurreikusi dituzte.
Uda Abentura programan aurrematrikulazio epea hilaren 19tik 24ra bitartean zabalik egongo dela jakinarazi du Maria Serrano Gazteria Saileko zinegotziak. 2007, 2008 eta 2009 urteetan jaiotakoei bideratuta dago eta euskaraz jakitea ezinbestekoa da.
Uztailaren 1etik 15era eta 16tik 30era bi txanda garatuko dituzte, eta horietako bakoitzean 50 neska-mutilek parte hartu ahal izango dute. Serranok gogorarazi duenez, Hondarribian erroldatuak egon beharko dute parte hartzaileek eta hala izatea egiaztatuko dute. 140 euroko prezioa du programak.
Aurrematrikulazioa burutzeko bi aukera egon arren, online egitera deitu dituzte interesdunak. Hala eta guztiz ere, beharra duten lagunek Gazte Zerbitzura (943 64 47 52 edo 688 728 057) dei dezaketela edota bertara jo erantsi du Serranok: “Astelehenetik ostiralera 16:30etik 19:30era eta larunbatetan 10:00etatik 13:00etara”.