Kale garbitzaileen lan baldintzak salatu ditu ELA sindikatuak
Txingudiko Mankomunitateak azpikontratatutako FFCC Medio Ambiente enpresak langileen eskubideak urratzen dituela-eta elkarretaratzera deitu dituzte bidasoarrak.
Irun eta Hondarribiko kale garbitzaileen lan baldintzak “urtetik urtera kaskartuz” doala salatu du ELA sindikatuak komunikabideetara igorritako ohar baten bidez. FFCC Medio Ambiente da zerbitzua emateko Txingudiko Mankomunikateak azpikontratatutako enpresa. Beharginen eskubideen aurka egiten duela iritzita, Txingudiko Zerbitzuak-eko (Txinzer) presidente Jose Antonio Santanori bilera eskatzeaz gain, elkarretaratzera deitu ditu ELAk bidasoarrak datorren ostegunean, hilak 15, San Juan plazan, 18:30ean.
Azpikontratatutako 150 bat langile ditu FFCC Medio Ambientek, sindikatuak azaldu duenez. Kontziliazioa eta barne promozioa dira langileek pairatutako arazo nagusiak, baita lanaldi partzialak ere: “Ez daude dagokien kategorian, eta horrekin amaitzeko behar-beharrezkoa da barne promozioa bermatzeko sinatua dugun akordioa aplikatzea”.
Sindikatuak dioenez, kategorien problematikarekin bukatzeko barne promoziorako hitzarmena sinatu zuten enpresak eta langile batzordeak orain dela bi urte. Kategoriak modu ekitatiboan banatzea zen helburua, ELAren arabera, et abide batez, enpresa barruan promozioak “modu objetiboan” egingo direla bermatzea. Hala eta guztiz ere, promozioa “oso geldo” doala argudiatu du langileen ordezkariak, eta horrek, “arazoak” ematen dituela erantsi.
Era berean, enpresak langileen opor egutegia “goitik behera” aldatu duela ere salatu du sindikatuak, “horretarako inongo beharrik ikusten ez dugularik. Argi daukagu aldaketa honek zerikusi zuzena duela kategorien kontuarekin”. Hori guztia dela eta, protestara deitu dituzte herritarrak.