HAPOaren inguruko ezohiko plenoa egingo du udalbatzak, Abotsanitzek ezagutarazi duenez
Martxoaren 23an oposizioak ezohiko osoko-bilkura egiteko eskaria erregistartu zuela jakinarazi du herri batzarrak. Hilaren 15ean bilduko da udalbatza.
Abotsanitz Herri Batzarrak jakinarazi duenez, Hondarribiko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) gaineko ezohiko plenoa egingo du udalbatzak hilaren 15ean, ostegunarekin. Espainiako Auzitegi Gorenak planaren baliogabetzea berretsi zuenetik Txomin Sagarzazu alkateak ez duela “azalpenik eman erabaki horrek hondarribiarren bizi proiektuetan duen eraginari buruz”, salatu du udal taldeak.
Emandako azalpenen arabera, oposizioko alderdiek adostutako hainbat galdera jasotzen ditu deialdiak, eta besteak beste, ondoko gaien inguruko ondorioak argitzeko eskatuko zaio alkateari: Zaldunborda, Gabarrariko beilatokia, Montañenea, etxebizitza publikoa, Mendelu eta Alde Zaharreko plan bereziak, 2017tik aurrera plan orokorrean oinarrituta onartutako lizentziak dituzten obrak… Bukaeran, 15 minutuko txanda izango du udal talde bakoitzak balorazioa egiteko.