[Erreportajea] Ostalaritza asebeteta, hotelak berriz, ez hainbeste
Badia eta Tatapas jatetxeek «zoramena» izan dela Aste Santua onartu dute. Obispo eta Palacete hotelek okupazio altua izan duten arren, «kezkatuta» agertu dira etorkizun hurbilarekin.
Hondarribia bisitariz bete da Aste Santuan. «Zoramena» izan dira jaiegunak ostalarientzat, eta hala onartu dute Badia tabernako Amaia Urdangarin eta Tatapas gastrotekako Adur Arrieta sukaldariek. Pozgarritzat jo dute biek bisitarien etorrera, «arnasa» hartzeko aukera eman baitie, «bultzada bat», Urdangarinen arabera. Asebeteta agertu dira, oro har, edukitako lan kargarekin.
Bestelakoa izan da hoteletako arduradunen balorazioa. Obispo hotela kudeatzen du Arrietak, eta «goraino» egon den arren, aurrera begira ez du itxaropenik agertu, «ea hemendik bi astera nola gauden». Ildo beretik mintzatu da Mayi Etxebeste Palacete hoteleko arduraduna. Hotela %90ean betetzeak «motibazioa» eragin dien arren, sektorearentzat ez dela arnasgunerik izan aitortu du. «Behintzat irekitzeko aukera eman digute, baina horrekin ez dugu ezer ordaintzen», deitoratu du. Bisitari gehienek bi gau egin dituztela hotelean erantsi du, eta aurrera begira, Arrietak bezala, zalantzan jarri du sektorearekin zer gertatuko ote den. Hoteleko terrazan, bestalde, ohikoan baino lan gehiago izan dute.
Hiru arduradunek bat egin dute bisitari gehienak bizkaitarrak izan direla azaldu dutenean. Arabarrak eta gipuzkoarrak izan dira ondoren Hondarribia bisitatzea aukeratu dutenak, baita «madrildarren bat edo beste» ere, Arrietak onartu duenez.
Maria Serrano Turismo zinegotziak Aste Santuaren lehen balorazioa eskaini du aste honetan, eta zabaldutakoaren arabera, Arma Plaza turismo guneak 932 bisitari jaso zituen Ostegun Santutik Pazko astelehenera, eta 108 Portukoak. Era berean, arduradunaren arabera, okupazioa %80koa izan da nekazal etxeetan, eta %82koa zabalik dauden lau hoteletan –sei itxita daude–. Azkenik, gipuzkoarrak eta bizkaitarrak nagusitu direla erantsi du.
«Zentzugabekeriak»
Koronabirusaren garapenari erreparatuta, bisitariek izandako hainbat jarrera kritikatu ditu Arrietak. «Jendeak ez du gure lana errespetatzen, askok ez ziguten mahaiak desinfektatzeko aukerarik ematen eta hori guretzako ez da ona. Azkenean errudun egiten gaituzte, baina nire ustez, zentzugabekeriaz jokatu duen jendea da erruduna. Antsietatearekin atera dira», azaldu du. Kezkatuta agertu da etorri den jende-oldearekin, eta jaiekin alderatu du egoera, «leku gehienetan ezinezkoa zen mahai bat lortzea». Urdangarinek ere kezka agertu du. «Berriak ez dira oso onak, eta beldurra hor dago. Ea zer gertatzen den orain», adierazi du.