[Galeria] Ion Izagirre gipuzkoarrak irabazi du Itzuliaren laugarren etapa
Lehia bizia izan da Erlaitzeko jaitsieran, eta sei txirrindularik pelotoitik ihes egitea lortu dute 36 segunduko errenta lortuz. Azken esprinta ikusgarria izan da.
Euskal Herriko Itzuliaren laugarren etapak Hondarribia izan du helmuga gaur arratsaldean. Aurreikusitakoa baino denbora laburragoan egin dute txirrindulariek Gasteiz eta Hondarribia arteko bidea, eta ziztu bizian iritsi dira sei txirrindulari Ramon Iribarren pasealekuan kokatutako helmugara. Lehia bizia izan da lasterketaren bukaeran, baina Ion Izagirre ormaiztegiarra gailendu da azkenean.
Jaizkibelek eta Erlaitzek erabaki dute Itzuliko etaparik luzeena. Izan ere, Aiako Harritik jaisten lortu dute sei txirrindulariek pelotoitik aldentzea, 36 segunduko diferentzia lortu duten arte. Azken metroetan pedalei eragiteko ahalegina etengabea izan da, eta guztiak hortxe ibili badira ere, Izagirrek lortu du lehena sailkatzea 4.17.07 marka eginda. Peio Bilbao txirrindulari bizkaitarra eta eta Brandon McNulty estatubatuarra sailkatu dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Azken ziklista horrek, hala ere, sailkapen orokorraren lehen postura salto egin du gaurko markari esker. 49 segundura igaro dute pelotoiko lehen txirrindulariek helmuga.
Giro lasaian eta jende pilaketarik gabe igaro da gaurko jardunaldia Hondarribian. Herritarrak ibilbidearen tarte ezberdinetan kokatzen joan dira, eta espero zitekeenaren kontra, herritarrek ez dituzte kaleak eta terrazak bete. Hori bai, txirrindulariei ez zaie animo oihu eta txalorik falta.
Bihar Hondarribitik abiatuko da Itzuliaren bosgarren etapa. Ramon Iribarren pasealekutik abiatuko dira ziklistak, 12:30ak inguruan. Portua eta Alde Zaharra igaroko dituzte agur esan aurretik. Kostaldetik egin beharreko etapa izango da biharkoa. Ondarroan izango du helmuga.
Ondokoa da arratsaldeak utzitako irudi sorta.