[Bideoa] Mendiko zinemarik onena ikusteko parada izango da asteburuan
Mendi Film Festivalen parte hartutako film onenak gerturatuko ditu Mendi Tour jaialdiak seigarrenez, Itsas Etxeko pantaila handiraino.
2020. urteko Mendi Film Festivalen parte hartutako eta saritutako ikus-entzunezko lanak proiektatuko dituzte larunbatean eta igandean, Itsas Etxea Auditoriumean. Zazpi izango dira denera emango dituzten filmak, tartean, Hondarribian egokitutako Migel Zeberio musika zuzendariak eta Telmo Basterretxea zinema zuzendariaren Urmuga proiektua. Areago, egitasmoaren nondik norakoak aurkeztuko dituzte bultzatzaileak. Sarrerak ohiko bideetan lor daitezke, 3 euroan.
Ondokoa da egitaraua:
Hilak 10, larunbata
-
North Country: Amerikako Estatu Batuetako (AEB) eski dendarik zaharrenean belaunaldi aldaketa nola ematen den kontatzen duen istorio hunkigarria
-
The tears of Shiva: Mikel Sarasola kayak arraunlari eta zuzendari donostiarraren lana. Nepalgo Karnali ibai sakratuan barna eginiko espedizioa, haren kontserbazio aldarria buruan dela. Mikel Sarasola zuzendaria eta protagonista Itsas Etxean izango da.
-
Everest – The hard way: Mendi Film 2020 Ikusleen Saria Everesteko biderik zailenean burututako muturreko erronka alpinoa, britainiarrek 1975ean zabaldutako the hard way bideari estilo alpinoan ekin zion 1988ko esloveniarren espedizioa
- Urmuga: Mattin Zeberio Larraza eta Telmo Basterretxea zuzendarien lana, 2020ko udan Euskal Herriko mendi-urmugaren oinezko zeharkaldi musikatua izan zenari buruzkoa, Et Incarnatus Orkestra eta Mendiak eta Herriak agentziaren izenean, Migel Zeberio eta Felipe Uriarteren ametsa. Telmo Basterretxea eta Migel Zeberio Itsas Etxean izango dira.
Hilak 11, igandea
- Aterpean ateri: Mikel Sarasolak ur lasterretako abenturekin egiten du amets etxealdi bete-betean. Ruben Crespo zuzendaria eta Mikel Sarasola protagonista Itsas Etxean izango dira.
- Charge 2: Irudi eta akzio uztartze ikusgarria muturreko eskiatzaileak eta haiekin dabilen munduko drone gidari txapeldunaren eskutik.
- Hillary – Ocean to sky: Mendi Film 2020ko Sari Nagusia. Edmund Hillaryren azken espedizio handia: Ozeanoko uretan abiatu zen espedizioa, Ganges ibai sakratuko uretan gora motordun txalupetan nabigatu eta Himalaiako Akash Parbat mendian amaitu.