Ohiko jardunera itzuli da Jostaldi pilotalekua
Azken hiru asteetan bertan migranteentzako aterpea egokitu dute, baina erabili behar izan ez denez, ohiko jarduna berreskuratzea erabaki dute. «Beharrezkoa den momentuan», berriz ere dispositibo guztia martxan jartzeko prest dago udala.
Hondarribiko Udalak jakinarazi berri duenez, Jostaldi pilotalekua ohiko jardunera itzuli da. Azken hiru asteetan migranteentzako aterpe gisa erabili dute, baina ikusita ez dela erabili behar izan, Migrazio Zuzendaritzarekin batera ohiko jarduna berreskuratzea erabaki du udalak.
«Beharrezkoa den momentuan, berriz ere dispositibo guztia martxan jartzeko prest gaude. Hala, instalakuntza erabiltzen duten elkarte eta kirolariek erabiltzeko aukera daukate orain, eta egoerak hala eskatzen digunean, berriz ere ezohiko baliabide moduan erabiliko dugu», esan du Txomin Sagarzazu alkateak.