«Etxebizitza eskubidea defendatzeko» mozio bat erregistratu du Elkarrekin Podemos-IUk
Udalbatzan eztabaidatzeko asmoz, eskaera zehatzak jaso dituzte mozio honetan, aldundiari, jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari zuzendutakoak.
Elkarrekin Podemos-IU taldeak mozio berri bat erregistratu du, «Irungo biztanleriak etxebizitza edukitzeko duen eskubidea defendatzeko» asmoz. Mozio honetan eskaera zehatzak jaso dituzte, aldundiari, jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari zuzendutakoak.
Lehenik, etxebizitzaren egoeraren gaineko gogoeta elkarbanatu nahi izan dute irundarrekin. «Alokairuen prezioaren espekulazioa milaka pertsonak pairatzen duten errealitatea da gaur egun, eta Euskadiko biztanleriaren sektore zabalei eragiten die. Etxebizitza erostearen prezioa oso garestia da, eta oraindik ere gora egiten ari da. Horri gehitu behar zaio higiezinen merkatuko prezioei aurre egin ezin dieten pertsonei alternatiba erreal bat eskaini ahal izateko, eskasia handia dagoela merkatuan dauden alokairuen eskaintzetan», esan du David Nuñok.
Zentzu honetan soldatek bide berbera ez dutela jarraitu diote, eta ondorioz, gizartearen zati handi batek prekarietatera bideratu dutela. Pandemiak, gainera, egoera hau areagotu duela uste dute, eta salatu dute zenbait erakundek erakutsitako «jarrera pasiboa».
Errealitatearen argazki bat egiteko datuetara jo dute taldeko kideek, zehazki, 2020ko Eustaten datuetara. Hauen arabera, EAEn 120.532 pertsona zeuden etxebizitza eskuratzeko premian. Halere, datu hauek merkatuan dagoen alokairuzko etxebizitzen eskaintzarekin zerikusik ez dutela erantsi dute, izan ere, salatu dutenez, Euskal Autonomi Erkidegoan soilik 1.745 etxe eskaini zituzten alokairuaren merkatura.
Prezioez ere aritu dira Elkarrekin Podemos-IUko kideak. Bataz besteko errenta 1.040,67 eurokoa dela diote, eta 18-29 urteko gazteen bataz besteko soldata garbia 1.164 eurokoa baino ez dela. «Prezio altuaz gain, kontuan hartu behar da biztanleriaren zati batek zailtasunak dituela gaur egun hipoteka kreditu bat eskuratzeko, lan baldintza egonkorrik ere ez duelako», erantsi dute.
Horregatik guztiagatik, Udalbatzan honako erabaki hauek hartzeko proposamena egin du taldeak:
- Espainiako Gobernuari etxebizitzari buruzko estatuko lege bat onar dezala eskatu dute, «autonomia erkidegoen eta udalerrien eskumenen esparruan garatu ahal izateko, etxebizitzaren funtzio soziala blindatzeko eta Espainiako Konstituzioaren 47. artikuluan jasotako etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea benetan betetzen dela eta errespetatzen dela ziurtatzeko, oinarrizko hornidurak barne». Eta aurrekoaren arabera, etxebizitzen alokairu-merkatua arautzeko legeak egitea ere proposatu dute, etxebizitzen errentamendu-kontratuetan gehiegizko prezioak galaraziz, prezioak kontrolatzeko mekanismoen bidez, eta prezioen jaitsierak sustatuz, bai indarrean dauden kontratuetan, bai etorkizunean egin litezkeen kontratuetan, eta bereziki merkatuan tentsio handiena duten eremuetan.
- Eusko Jaurlaritza premiatzea, «ezarritako esparruan eta Estatuko Gobernuarekin koordinatuta, autonomiaren eskumenen erabileran eta Etxebizitzaren gaineko Euskal Legean aintzat hartzen den zuzenbide subjektiboan oinarrituta, beharrezkoak diren legegintza eta arau mekanismoak garatu daitezen, etxebizitzen alokairuaren merkatuaren arautzean aurrera egiteko, errentamendu kontratuetan gehiegizko prezioak eragotziz, prezioak kontrolatzeko mekanismoen bidez eta prezioak jaistea ahalbidetuz, bai indarrean dauden kontratuetan, bai etorkizunean egin litezkeen kontratuetan».
- Eusko Jaurlaritzari alokairu sozial eta eskuragarriko etxebizitzen parke publikoa handitzeko ere eskatzeko proposatu dute, «hutsik dauden etxebizitzak lagatzeko mekanismoak ezarriz».
- Gipuzkoako Foru Aldundiari neurri fiskal eraginkor eta efizienteak abian jartzeko eskatzea ere jaso dute mozioan, «biztanleen etxebizitza eskubidea defendatzeko, hutsik dauden etxebizitzen funtzio soziala bultzatze aldera»