HAPOaren tramitazio berriaren inguruan aritzeko oposizioarekin bilduko da gobernu taldea
«Hain axola handiko gai batean adostasunetara heltzeko asmoarekin» bilduko da alkatea oposizioko talde guztietako ordezkariekin. Datozen egunetan haiekin kontaktatzen hasiko dela aurreratu du.
Aste honetan bertan Hondarribiko Udal Gobernu Taldea oposizioarekin bilduko dela aurreratu du Txomin Sagarzazu alkateak, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren tramitazio berriaren inguruan aritzeko.
«Denok jakitun gara HAPOa baliorik gabe geratu dela, eta udala tramitazio berria egiten ari dela, horrek dakarren prozesu guztiarekin», esan du alkateak. Horren gainean aritzeko datozen egunotan oposizioko alderdietako ordezkariekin bilduko da, iritziak eta proposamenak jasotzeko, finean, «Udal Gobernu Taldetik egiten ari garen lan guztia eta daukagun jarrera adierazteko, hain axola handiko gai batean adostasunetara heltzeko asmoarekin».
Alkateak gaineratu duenez, HAPOa baliorik gabe dagoen bitartean, egun martxan dauden Arau Subsidiarioak esteka honetan zintzilikatuta daudela. Berehala HAPOaren tramitazio berriaren gaineko webgune berria prest izango dutela aurreratu du, herritarrek informazio guztia eskura izan dezaten.