Liburu batekin ospatu ditu Hondarribiko Klub Nautikoak urrezko ezteiak
Itsaskari Baitaren historia 1969tik 2019ra bitartean errepasatzen du argitalpenak. Denera, 700 ale prestatu dituzte bazkide, kirolari eta klubeko kideen artean banatzeko.
Hondarribiko Klub Nautikoa Itsaskari Baitako kideek 1969-2019 Urrezko Ezteiak liburua aurkeztu dute gaur goizean, bela eskolan prentsa aurrean egindako agerraldian. Zuzendaritzako kide Antton Garmendiak azaldu duenez, “2020an aurkeztekoak ginen liburua, baina COVID-19aren ondorioz ezinezkoa izan zen, eta orain, inoiz baino gogo eta ilusio gehiagorekin, aurkeztuko dugu azkenean”.
Koldo Ortega historialariak osatu du argitalpena eta azaldu dutenez, klubaren 50 urteko kronologia errepasatzeaz gain, elkarteko bazkideen esperientziak, estropadak, istorioak… ere jaso ditu. Areago, “kirol lorpenak ere” bildu dituztela bertan nabarmendu du Garmendiak, “klubeko hainbat kirolarik oso altu utzi baitute Hondarribiaren izena”.
Hori horrela, Hondarribiko kirol eszenan “ekarpena” egiten duela nautikoak iritzi dio zuzendaritzako kideak, baita “turismoan” ere, “klubak jende ugari erakartzen duelako”. Azkenik, “nazioarteko belaren historiari ekarpen handia” ere egin diola gaineratu du.
Juan Luis Silanes Hondarribiko Udaleko Kirol zinegotziak egindako lana eskertu die klubeko kideei zein Ortegari, eta ziur agertu da liburuari esker “herriak gehiago ezagutuko duela bela eta nautikoa”. Garai “onak” eta “txarrak” egon direla klubarentzat onartu du hautetsiak, baina egindako lana medio beti aurrera egin dutela goraipatu du. Eta bukaeran nabarmendu duenez, bela eskolan “emakumeen presentzia nabaria” izan da urte horietan guztietan.
Xehetasunak
Bazkideen artean banatzeko 700 ale argitaratu ditu klubak, udalaren, Aldundiaren, Done Pedro Itsasgizonen Kofradiaren eta Euskal Kirol Portuen (EKP) laguntzari esker, Garmendiak esan duenez. Silanesek bere aldeltik azaldu duenez, udalak diru-laguntza izenduna onartu zuen iaz argitalpenari bultzada emateko. Elebitan prestatu dute liburua, eta jasotako kolaborazioen artean, Jexuxmari Mendizabal Iraola Bizargorrik idatzitako olerkia goraipatu du Ortegak.