Migranteek pairatutako krisiari heltzeko eskatu dute Irun, Hondarribia eta Hendaiako alkateek
Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak Irun eta Hendaia artean migratzaileek pairatutako krisiarekin «sentiberak izateko» eskatu die agintari eskudunei, idatzi batean.
Irun, Hondarribia eta Hendaiako alkateek idatzi bat sinatu berri dute, Euskal Autonomia Erkidegoan duen Ordezkaritzara eta Sous-Préfectura de Bayonne-ra zuzenduta. Honetan, mugaz gaindiko lurraldean dagoen arazoari «presaz heltzeko» eskatu diote, Afrikatik iritsitako migranteen jarioa handitu den une honetan.
Jose Antonio Santano, Txomin Sagarzazu eta Kotte Ecenarro alkateek Europa mailan gai honi heltzeko beharra nabarmendu dute, «mugarik gabeko Europara itzuli ahal izateko». «Erantzun humanitarioa elkarrekin eman behar da, ez da erraza, baina beharrezkoa da Europaren eraikuntzan aurrera egiteko», esan dute idatzi horretan.
Bestalde, hiru alkateek «mugaz gaindiko egoera honen aurrean sentiberak izateko» eskatu diote agintari eskudunei, «arazoak konpontzeko pausoak emateko».