Bienabe Artia aparkalekuko lizarrentzako indultua eskatu dute Artiako Lagunek
«30 urtetik gorako lizarrei erruki keinu bat egiteko» eskaera egin diote udal gobernuari. Mozketa gelditzeko eskatu dute, «udaberri honetan ere loratu daitezen».
Gaurko (hilak 26) Klimaren Nazioarteko Eguna dela eta, Artiako Lagunak auzo plataformak Irungo Udalari eskaera zuzena helarazi dio: Bienabe Artiako aparkaleku berriko obran aurreikusitako mozketa gelditzeko eskatu diote Jose Antonio Santano alkateari, «30 urtetik gorako lizarrei erruki keinu bat egiteko» eskatu diote, «udaberri honetan ere loratu daitezen».
Twitter bidez egin dute eskaera, udaleko zinegotzi bakoitzari mezu elektroniko bana bidaltzeaz gain, formalki, HAZ bulegoaren bitartez.
Klimaren Astea une egokia dela uste du plataformak, «udalak keinu txiki hori egiteko». Izan ere, talde ekologistaren arabera, «nahiz eta itxuraz txikian izan, osasun publikoaren eta koherentzia politikoaren kontua da mozketa, kontuan hartuta lizarrak Artia ZAISA plataforma logistikotik banatzen duen Gazteluzar pasealekuan daudela, eta milaka ibilgailu kutsatzaile igarotzen direla egunero».
Aipatutako obra horrekin egungo 21 plazen aparkaleku kopurua 40ra handitu dela diote, eta proiektuaren helburua hamar zuhaitz kentzea izan bazen ere, taldearen presioari esker sei lizar birlandatzea onartu dituela udalak. Baina amorruz diote lau lizar «heldu eta osasuntsu» kenduko dituztela.
Aparkalekuaren diseinua udalaren mende dagoela nabarmendu dute Artiako Lagunek, eta eskatu diote bat egin dezala Akordio Programarekin eta udalak zentzu horretan sinatutako konpromisoekin. «Ez egitekotan, greenwashingean erortzea litzateke», erantsi dute. Kontzeptu honek «aurpegi berdea garbitzea» esan nahi duela azaldu dute, «modu engainagarrian egindako propaganda mota bat» dela, enpresa bateko produktuek ingurumena errespetatzen dutela hautemateko, etekinak handitzeko helburu bakarrekin.
Bada, praktika hau Irunen ere ikusi dutela diote amorruz. Monica Martinez ordezkariaren arabera, aurtengo landaketa kanpainan 115 zuhaitz landatu dituzte, eta Lezon aldiz, egun bakar batean, 100 landatu zituztela diote Artiako Lagunek haserre. «Borondate eta sentsibilitate politiko kontua da».
Bete gabeko konpromisoak
Lehenik, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IUk adostutako programan hutsune ugari ikusi dituzte Artiako Lagunek. «Keinu politiko berde eta iraunkor txiki bat» egiteko eskatu diete bi taldeei, eta aste honetan indultua emateko lizarrei, «Artia auzoa atseginagoa, bizigarriagoa eta eraginkorragoa izan dadin».
Bestalde, egun indarrean dagoen Irungo Jasangarritasunaren aldeko II. Ekintza plana gogoratu dute. Honen ekintzen artean daude lurralde erabilera jasangarria bultzatzea, udalerriko bizi kalitatea hobetzeko, baina baita ere ingurune naturalaren eta paisaiaren babesa bultzatzea. Ekintza hauek zuhaitzen mozketarekin bat ez datorrela diote amorruz.
Amaitzeko, Artiako Lagunek gaineratu dute, hiritarrek hiri eraginkor, atsegin eta bizigarri baten diskurtsoa sortu ahal izateko, erabakiak hartzen dituzten politikariek sinatzen dituzten konpromisoetan sinetsi behar dutela lehenik, eta «keinu txiki eraginkor eta berdeak egin».