Iñaki Ruiz de Eguino artistaren obrek apainduko dute Menchu Gal aretoa
Ostiraletik ekainaren 6ra bitarte bisitatu daiteke 'Ruiz de Eguino, bat eta askotarikoa' izeneko erakusketa. Orotara, artista donostiarraren 58 lan egongo dira ikusgai.
‘Ruiz de Eguino, bat eta askotarikoa’ izeneko erakusketa inauguratuko dute datorren ostiralean Irungo Menchu Gal aretoan. Erakusketa bisitatzen izan da gaur artista bera, eta Kultura saileko ordezkari Junkal Eizagirre.
«Ez da lehenengo aldia Iñaki Ruiz de Eguinok Menchu Gal aretoaren proposamenen batean parte hartzen duena, baina bada artista gonbidatu gisa parte hartzen duen lehenengo aldia; arteari eskainitako gune hau bete dute haren lanek. Maila handiko pintura eta eskulturen askotariko bilduma bat da emaitza, aretoko erakusketen denboraldiari hasiera emango diona», esan du Eizagirrek.
Artista donostiarraren 58 lanekin apaindu dute aretoa, 1980ko hamarkadatik aurrera sortutakoak. Eskultorea, margolaria, grabatzailea, idazlea, arte kritikaria, erakusketetako komisarioa, hizlaria… Askotariko arte diziplinak ukitu ditu azken hamarkadetan. Haren lanetan zorroztasuna, koherentzia eta independentzia nabarmentzen dira, artearen merkatuaren interesak alde batera utzita. Zaragozako Arte Eskolan trebatu zen Ruiz de Eguino. Hasieran eskultura eta pintura ikasketak egin zituen, eta berehala, abstrakzioaren eta geometria plastikoaren munduan murgildu zen.
Ostiral eta larunbatetan (18:00etatik 21:00etara) bisitatu daiteke erakusketa, baina baita ere igande eta jai egunetan (11:30etik 13:30era), ekainaren 6ra bitarte.