Musika, sorkuntza eta bertako talentuen aldeko apustua sendotuko du udalak
2021eko programazioak hiru ildo estrategiko horiek izango ditu. «Gehitzeko apustua» dela dio saileko ordezkariak, aurtengo agenda erakargarriagoa izan dadin.
Irungo Udaleko Kultura saileko ordezkari Junkal Eizagirrek sailak 2021erako dituen erronkak aurkeztu ditu. Zehazki, «gora egiten jarraitzen lagunduko diguten ildo estrategikoen» berri eman du gaur udaletxean eskainitako agerraldian. Bertan azaldu duenez, hiru ildo estrategiko izango du aurtengo programazioak: zuzeneko musika (tartean Irun Zuenean programa), sorkuntza eta bertako talentuaren babesa. «Gehitzeko apustua» dela erantsi du ordezkariak, agenda erakargarriagoa izan dadin. Udalak aurten «horrelakoei ikusgaitasun handiagoa emateko» erronka jarri duela azaldu du Eizagirrek.
Irun Zuzenean
Irun Zuzenean programari dagokionez, «hitzordu hau inguruan erreferente diren jaialdien zirkuituan sartzeko» apustua egingo du udalak. Egungo egoerak horrelako ikuskizunak mugatzen dituen arren, berreskuratzeko aukera dagoenean jaialdia sustatzen jarraitzea da sailaren asmoa.
Jaialdiaz harago, Eizagirrek «zuzeneko musikaren esparruan jauzi bat egiteko nahia» adierazi du. Hala, sailak kanpoko aholkularitza zerbitzu aditu baten laguntza izango duela aurreratu du, 2021ean musika programazioaren inguruko gaietarako. Musika zirkuitu bat sortu nahi dute hirian, «askotariko kontzertuz eta formatuz osatutakoa».
Irun Factory
Eizagirrek nabarmendu duenez, arte garaikidea ere, Irun Factory izenpean, 2021ean jarduera ildoetako bat izango da. Sorkuntza eta artisten lana sustatzeko programak bultzatzen jarraitzeko konpromisoa hartu du udalak, formatu konbentzionalak eta formatu berritzaileak konbinatuta.
Zentzu horretan, programarako baliabide gehiago jartzeko helburua jarri du sailak. «Dagoeneko sendoak diren programak aurrera eramateaz gain, helarazten zaizkigun proposamen guztiak entzungo ditugu, gogoz entzun ere, eta berauek aztertzea izango da gure lehentasunetako bat», erantsi du Eizagirrek.
Kultura Km 0 eta gazteak
Aurten #KulturaKm0 zigilua sendotzeko konpromisoa ere hartu du udalak, sailaren arabera, «inoiz baino beharrezkoagoa baita bertako artista eta profesionalengana jotzea». Joan den urtean programak harrera ona izan zuela dio Eizagirrek, eta aurten urte osorako programa bilakatuko dute.
Hala, Kultura Km 0 programak formatu espresa izateari utziko dio eta urte osorako programazio egonkorra bilakatuko dute, «sortzen ari diren talentu gazteak direla protagonista». Aurtengo edizioak 50.000 euroko aurrekontua izango du, 2020an bezalaxe, baina aurten 8.000 euro gehiago inbertituko ditu udalak, bertako artisten obra erosteko.
CBA 2.0
Irungo kultur instalazio nagusia aipatutako hiru ardatz estrategikoetatik sortuko diren proiektuen egoitza iraunkorra izango dela aurreratu du Kultura sailak. Finean, udal liburutegiaren eraikina «hirian sortzen ari diren talentuen topagune» izatea nahi dute.