Kateako kirol eraikin berria idazteko proiektua agindu du udalak
Sestra Ingenieria y Arquitectura SLri esleitu diote obra proiektua idazteko lana, orotara, 70.180 euroko aurrekontuarekin.
Irungo Udalak Katea auzoan egingo duten kirol eraikin berriaren exekuzioko hurrengo urratsen berri eman du gaur. Obra sailaren arabera, Sestra Ingenieria y Arquitectura SLri esleitu diote obra proiektua idazteko lana, orotara, 70.180 euroko aurrekontuarekin.
Etorkizuneko instalazioak egun Ugalden dagoen ekipamendua osatzen lagunduko du. Futbol zelai bat, harmaila bat, jendearentzako gune bat, aldagelak, bulegoak eta botikinen eta galdara aretoak aurreikusi dituzte bertan.
Cristina Laborda Obretako ordezkariaren arabera, «proiektua idatzita, paper gainean jarriko ditugu ildo nagusiak, gero exekuzioan gauzatu beharko direnak. Inbertsio garrantzitsua da, auzoetako ekipamendu sarea ahalik eta hobekien osatzen jarraitzeko apustuaren barruan». Fase honetan definituko dituzte egin beharreko lanak, eta horiek egiteko modua. Gaineratu duenez, bestelako kudeaketa lan batzuk egiteko ere balioko dute: ingurumen eta hirigintzako izapidetzeak, baimen eskaerak eta abar.
Eraikin berria Uranzu pilotalekua berritzeko lanak iraun bitartean behin-behinean jarritako karpa egon zen tokian egingo dute. Honekin, eremu guztia berrituko du udalak.
«Katea auzorako erreferentzia bat izatea nahi dugu, bai eta hiri guztirako ere, Irungo kirolari dagokionez. Martxan jarraitzen dugu, eta, eguneroko beharrei erantzuten saiatzeaz eta egun ditugun instalazioak mantentzeaz gain, bide berriak urratzen ditugu, etorkizuna gogoan eta eraikin honek Iruni hainbat kiroletan aritzeko emango dizkion aukerak gogoan», esan du Kirol saileko ordezkari Borja Olazabalek.
Auzotarrekin harremanetan
Proiektua idazteko lanak esleitzearekin batera, udalak auzotarrekin harremanetan jartzen hasi da, «proiektua ahal bezainbeste aberasteko» asmoz. Datozen asteotan bilera gehiago egitea aurreikusi dute.