Hondarribiko kaleetan murgilduko da Euskal Herriko Itzulia
Helmuga eta irteera izango da Hondarribia apirilaren 8an eta 9an, hurrenez hurren. Xehetasunak eman dituzte gaur goizean Itzuliak eta udalak.
Euskal Herriko Itzuliak geldialdia egingo du apirilaren 8an eta 9an Hondarribian. Helmuga izango da lehendabizi eta irteera hurrengo egunean, eta horren gaineko xehetasunak eman dituzte gaur goizean burututako aurkezpen ofizialean Itzulia Basque Country-ko zuzendari Julian Erasok eta Hondarribiko Udaleko alkate Txomin Sagarzazuk zein Zerbitzuetako zinegotzi Gonzalo Carrionek.
Gasteiztik Hondarribira arteko tartea egin beharko dute apirilaren 8an txirrindulariek. Itzuliaren laugarren etapa izango da eta ia 200 kilometro egin beharko dituzte kirolariek. Etaparik “luzeena” izango da Erasoren hitzetan. Helmuga Hondarribiko hondartzaren inguruan egongo dela aurreratu du Erasok, baina argi utzi du Jaizkibel eta Erlaitzeko igoerek “hautespen naturala” suposatuko dutela txirrindularientzat, eta aurrealdean kokatzea lortzen dutenak izango direla podiumean egongo direnak. Kalkuluen arabera 17:15 aldera iritsiko dira lehen kirolariak hondartzara.
Apirilaren 9ko etapak, bestalde, Hondarribia izango du abiapuntu. 5 kilometroko zeharkaldia egingo dute parte hartzaileek herrian zehar Europa pasealekutik, hondartzako malekoitik, abiatuta. Ramon Iribarren, San Pedro kalea, Javier Ugarte, San Nikolas, Arma Plaza, Kale Nagusia eta Santa Maria ateaurretik igaro ondoren Hondarribia atzean utziko du lasterketak. Ondarroan (Bizkaia) bukatuko da bosgarren etapa, 160 kilometroren ondoren. 11:15 inguruan ekingo diete probari.
Osasun egoera
Lasterketak Hondarribiko ahalik eta kale gehien zeharkatzea saiatu direla azaldu dute prentsa aurrean arduradunek, “herritarrek balkoietatik eta leihoetatik jarrai dezaten lasterketa, herri osoak goza dezan”. Eta horixe da, Erasok zehaztu duenez, hain justu, hondarribiarrei eskainitako “omenaldi berezia”. Izan ere, osasun egoeraz ohartarazi dute agerraldian, eta jende pilaketak alboratzera deitu dituzte herritarrak. “Osasuna denon lehentasuna da”, gaineratu du zuzendariak.
Lehiaketak, halaber, eragina izango duela trafikoan eta zenbait kaletan adierazi du Carrionek. Hori dela eta, pazientzia eskatu die herritarrei eta zalantzak edukiz gero udalarekin harremanetan jartzera deitu ditu. Komunikazio kanpaina berezia abiatuko dutela ere baieztatu du. “Eragina izango du, baina denok disfrutatzea espero dugu”, bukatu du zinegotziak.