Badoa kooperatiba jaio da, bizikleta bidezko banaketa zerbitzu "etikoa"
BDS Koop barruan eta Eraldaketa Fabrika programaren baitan sortutako lehen kooperatiba da. Zero kilometroa, iraunkorra eta etikoa izatea da helburua. Finantzazioan laguntzeko diru bilketa abiatu dute.
Bertakoa, etikoa eta iraunkorra. Horiexek dira, hain justu, Badoa kooperatibaren hiru oinarri nagusiak gaur goizean prentsa aurrean ezagutarazi dutenez. Agerraldian parte hartu dute Claudia Romero BDS Koop-eko koordinatzaileak, Mikel Valero kideak, eta June Arruti zein Nestor Uranga Badoa-keko sustatzaileek.
“BDS Koop. barruan jaiotako proiektua da gaur aurkezten duguna”, azaldu du Romerok, “Behe Bidasoko tokiko garapena zein ekonomia soziala bultzatzeko, eta Eraldaketa Fabrika programaren barruan kokatu duguna”. Ildo horretan, eskualdeak dituen beharrak ezagutzeko ikerketa bat burutzen ari direla kontatu du koordinatzaileak: “Ingurumenaren zein gizakien iraunkortasuna bermatzen duen banaketa zerbitzua martxan jartzea ezinbestekoa zela ikusi genuen”. Arruti, Uranga eta Aritz Burgaña bultzatzaileekin harremanetan jartzea erabaki zuten BDS Koop-eko kideek orduan.
Hori horrela, errealitatea aldatzen ari dela, eta pandemiak bultzatuta, are bizkorrago ematen ari direla aldaketa horiek nabarmendu du Urangak: “Geroz eta eskari gehiago egiten dira etxera, eta zentzu horretan, gure eskualdeak alternatiba bat behar zuela horren aurrean pentsatu genuen; alternatiba etikoagoa, hain zuzen”.
Badator Badoa
Gasteizko Eraman kooperatibaren ereduari erreparatuta ekin zioten lanera inplikatu guztiek. Urangak eta Arrutik azaldu dutenez, bertakoa, etikoa eta iraunkorra izatea da helburua. Eskualdeko ostalariekin eta komertzioekin lan egin nahi dute kooperatibistek horretarako, baita bizikleta elektrikoen bitartez banaketa egin ere. Hala, kutsadura “oso txikia” eragingo dutela adierazi dute. Ibilgailu horiei esker, “tamaina eta pisu handiko zamak” garraia ditzaketela baieztatu dute, eta “leku guztietara azkar heldu gaitezke eta erraz aparkatu”, erantsi du Arrutik. Bizikletak berrerabiltzeko apustua ere egin dute kideek.
Gainontzeko banaketa enpresekin alderatuta, eraginkortasun maila handiagoa ere lortuko dutela sinetsita agertu dira sustatzaileak. Izan ere, Coopcycle softwarearen bitartez “kudeaketa eta ibilbideen optimizazioa” bultzatuko dutela ziur daude. Horrez gain, aplikazioa euskaraz, gazteleraz, eta frantsesez prestatzen ari direla ere gehitu dute, zenbait banaketa enpresek ezarritako “mugen” gainetik, eskualde osora begirako proiektua baita.
Azkenik, “bokazio soziala” ere beteko duela proiektuak gaineratu du Urangak, “lanaren burujabetzaren bitartez, prekarizazioari aurre egin, eta lan duin eta seguruaren alde egingo dugulako. Ekonomia sozial eta eraldatzailea bultzatzea da helburua”.
Proiektu guztia gorpuzten laguntzeko diru bilketa abiatu dutela ere ezagutarazi dute kideek. Emaiguzu bultzada bat lemapean, Badoa kooperatibaren webgunean argitaratuko dituztela kanpainaren gaineko xehetasunak bukatu dute.