Elkarte gastronomikoekin bildu da EAJren gobernu taldea
Itxierak eragindako kalteak arintzeko hainbat eskari helarazi dizkiete elkarteetako ordezkariek jeltzaleen udal taldeari.
Hondarribiko Udaleko EAJren gobernu taldeak jakinarazi duenez, elkarte gastronomikoetako hainbat ordezkariekin bildu dira Txomin Sagarzazu alkatea, eta Gonzalo Carrion zein Juan Luis Silanes zinegotziak. Itxieraren ondorioz pairatutako kalteak izan dituzte aztergai bilkuran, udal talde jeltzaleak zehaztu duenez.
Hala, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) murrizteko eskaria helarazi zuten elkarteetako ordezkariek batetik; eta zaborren eta uraren gaineko tasen kobraketa jaistea galdegin zuten, bestetik. EAJk azaldu duenez, lehena Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio eta beraz, eskakizuna helaraziko zaion arren, “udalak ez du eskariari erantzuteko gaitasunik”. Bigarren kezka gaurko egingo duten Txingudiko Zerbitzuak-en Mankomunitatearen bileran planteatuko du Sagarzazuk, nahiz eta dagoeneko “bi hilabeteko salbuespena” aplikatu dutela gogorarazi duen.
Azkenik, elkarteek jasotako tratuaren gaineko “desadostasuna” agerian utzi zutela ordezkariek ezagutarazi du Sagarzazuk, euren jarduera “baldintza mugatuetan” bada ere garatu ahal izateko aukerarik ez baitzaie eman, “ostalaritzarekin egin den moduan”. Areago, urtean zehar egindako “gizarte lana” kontuan hartu ez izana deitoratu zuten ordezkariek.