"Makal" baina aurrera doa pixkanaka kostera
Berdelari "azaltzea" kostatu zaiola eta antxoa "gure kostan gutxi" ikusi dutela adierazi du Eugenio Elduaien Gipuzkoako Kofradietako presidenteak
Hiru aste bete dira arrantzaleek antxoa eta berdelaren kosterari ekin ziotenetik. Lehen egunetan arrantzatutako 30.000 antxoa kiloetatik urrun, orain arte “makal” joan dela kanpaina onartu du Eugenio Elduaien Gipuzkoako Kofradietako presidenteak. Berdelarengan jarri du fokua hondarribiarrak, “azaltzea” kostatu zaiola argudiatuta. Izan ere, aurreko astean hartutako berdel kantitatea “gutxi” izan arren, gaurkoan egoera zertxobait hobera egin duela adierazi duen: “Gaur jakin dut barkuek hartu dutela berdela, azaldu dela dagoeneko”.
Antxoari dagokionez, bestalde, “gure kostan gutxi” ikus zitekeela azaldu du presidenteak, Asturias eta Kantabria arteko uretan baitago uneotan gehien. “Gaur, adibidez barkuek ez zuten antxoarik. Pixka bat goiz da oraindik, beraz, normaltasun batean dagoela hala ere esango nuke”.
Kezka eta ilusioa uztartuta
Gipuzkoako Kofradietako presidenteak aurtengo lehen kosterarako aurreikuspenen inguruan galdetuta, “alde batetik zertxobait urduri, eta bestetik, ilusioarekin beti bezala” daudela adierazi du. Izan ere, berdela arrantzatzeko kuota “txikia” dutela deitoratu du, eta beraz, ezingo dutela “gauza handirik egin”. Antxoarekin, bestalde, “zalantza beti hor” daukatela gaineratu du. Izan ere, “badirudi antxoa egon badagoela, baina tamaina eta bere gauzak dauzka, pixka bat handia izatea behar dugu, eta hor dago gure kezka egia esan”.
Hori horrela, arrantza sasoiak nola egiten duen aurrera ikusi beharko da, baina gogoratu duenez, oraindik goiz da, “kostera oraintxe hasi berria da eta”.