Landare inbaditzaileak garbitzen ari da ingurumena lehengoratzeko brigada
Landa bideak eta ubideak garbituta, landare inbaditzaileen hedapena oztopatzeko elkarlanean ari da brigada Aldundiarekin.

Garbiketa aurretik.
Hondarribiko landa eremuetako bide eta ubideak garbitzeko eta lehengoratzeko lana bukatuta, landare inbaditzaileak garbitzen hasi da brigada Jaizkibelen, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean. Hala ezagutarazi dute Juan Luis Silanes Ingurumen zinegotziak eta Nestor Uranga brigadako koordinatzaileak gaur goizean prentsa aurrean.
“Egindako lana txalotu nahiko nuke, aurrekoetan baino jende gehiago lanean dagoen arren, kristoren lana egin baitute”, azaldu du Silanesek. Hala hasierako lana bukatuta, ekainera bitartean eta Diputazioarekin elkarlanean, tradescancia fluminensis eta baccharis halimifolia landare inbaditzaileak garbitzeari ekin dietela erantsi du arduradunak.

Garbiketaren ondorengo irudia.
Urangak bere aldetik azaldu duenez, eremu zabaletara ezin dute jo, eta beraz, “eremu txiki bat hautatu eta landare horren aurka egitea da helburua, ahalik eta gehien lehengoratzeko eremu hori”. Izan ere, landare autoktonoen lekua hartzen dute inbaditzaileek, eta bertako klimara “oso ondo” egokitzen direnez, azkar hedatzen dira: “Huntza, adibidez, jaten dute, eta azkenean ez dirudi Jaizkibelen zaudenik, beste lurralde batean baizik”.
Hala, egoera “larria” dela iritzi dio koordinatzaileak, “landareak asko zabadu dira eta hemen inguruan dagoen ibarbidea osorik jan dute adibidez. Izugarria da, kristoren lana da”.
Landare horiek Jaizkibelera nola iritsi diren galdetuta, “lorategietan apaingarri gisa” erabiltzen zituztela kontatu du Urangak, baina azkenean, “txoriak edo haizeak zabaldu dituzte pixkanaka. Tradescantea, adibidez, hemen, ez du gaitasunik hazitik emateko, saretzen joaten da, eta arriskutsua da”.