David Nuño: «Gure kezka nagusia inor kalean ez geratzea da»
Azken asteotan hirira iritsitako migranteek pairatutako problematikari aurre egiteko erakunde ezberdinen arteko koordinazioa txalotu du udalak, tartean, Harrera Sareko boluntarioena.
Azken asteotan Irunera migratzaile talde handiak heldu dira, inbutu moduko bat sortuz Hendaia eta hiriaren artean. Halere, azken asteburu honetan egoera lasaitu dela ondorioztatu du Irungo Harrera Sareak, batetik, migratzaile gutxiago iristen ari direlako, eta bestetik, askok Santiago edo Behobiako zubia pasatzea lortu dutelako.
Egoera honen aurrean, migratzaileek pairatutako problematikari aurre egiteko erakunde ezberdinen arteko koordinazioa txalotu du David Nuño udaleko ordezkariak. «Gure kezka nagusia inor kalean ez geratzea da. Pandemiagatik ezarritako salbuespeneko neurriek, etorreren gorakadak eta egungo Frantziako mugako egoerak une zailak eragin ditu azken egunotan. Baina denak eskertu nahi ditut, Irungo Harrera Saretik hasita Eusko Jaurlaritzaraino», esan du. Azken egunetan kolektibo askorekin bildu dela dio, eta «Elkartasuna eta lankidetza gakoak» direla egunotan.
Azken asteotan «premiaz» aritu behar izan direla erantsi du ordezkariak. Izan ere, martxo hasieran jaurlaritzak erakundeen arteko mahaia deitu zuen, 2021eko Kontingentzia Plana aurkezteko, eta ordu gutxiren buruan migrante talde handiak iristen hasi ziren Irunera. Lehen asteburu horren ostean, sailburuarekin eta Jose Antonio Santano alkatearekin bilera bat egin zutela erantsi du, eta bertan aurreikusitako Kontingentzia Plan hori eguneratzeko eta baliabideak dibertsifikatzeko eskatu zien Nuñok, «eskualdeko udalerriak kolapsatu gabe harrera on bat eskaini ahal izateko»