Musukoak eta botila berrerabilgarriak banatzen hasi da udala ikastetxeetan
"Osasun eta prebentzio helburu argiekin" ekin dio banaketari udalak, Txomin Sagarzazuk adierazi duenez. 5.000tik gora maskara zein botila prestatu dituzte horretarako.
Musukoak eta botila berrerabilgarriak emango zaizkio Hondarribiko lehen eta bigarren hezkuntzako, zein batxilergoko ikasleei. Hala jakinarazi dute gaur goizean Txomin Sagarzazu alkateak eta Maria Serrano Gazteria eta Prebentzio Komunitarioa departamentuko zinegotziak udaletxean egindako agerraldian. Ikasle bakoitzarentzako bina maskara eta botila berrerabilgarri bana aurreikusi dituzte udal agintariek. 5.000tik gora botila eta musuko prestatu ditu horretarako erakundeak.
“Aspaldian iragarritako” dinamika dela azaldu du Sagarzazuk. Izan ere, ikastetxeetako eta guraso elkarteetako ordezkariekin egindako bileren ondotik, zenbait “premia” identifikatu zituztela adierazi du. Hala, “osasun eta prebentzio helburu oso argiekin” behar horiek asetzeko hitzarmena sinatu zuela udalak ikastetxeekin ere erantsi du Sagarzazuk.
Hori horrela, lehen hezkuntzako ikasleek Izugarria erraldoi eta buruhandien konpartsako Balea daramatela azaldu du Serranok bere aldetik. Nerabe eta gazteei begira, bestalde, Osasundu Hondarribia kanpaina abiatu dutela zehaztu du. Izan ere, “pandemia hasieratik gazteengan jarri da fokua”, esplikatu du, “baina gazte asko oso ondo ari dira”. Hortaz, “errefortzu positiboa” bultzatzeko ahaleginarekin diseinatu dituztela haien maskarak adierazi du: “Irudi baten azpian sartzen ditugu mezu guztiak”.
Azkenik, Ingurumen departamentuak azken ikasturtean abiatutako dinamikei jarraituz, eta aurten, ikasleek etxetik ura eraman behar dutela kontuan izanda, “plastiko gutxiago erabiltzeko” xedea dute botilek, Serranok gehitu duenez.
Azkenik, hezkuntza eta guraso elkarteetako ordezkariekin izandako bileretan bestelako beharrak ere antzeman dituztela azaldu du Sagarzazuk. Horiek, besteak beste, mugikortasunarekin, garbiketa eta desinfekzio lanekin, konexio digitalarekin, kanpo espazioen zabalerarekin… lotu ditu alkateak, eta zehaztu duenez, dagoeneko, egoera arintzeko hainbat esku hartze burutu dituzte.
Harrera programa
Talaia BHI Institutuko Kontseiluak otsailaren erdialdean publiko egindako gutunaren harira, dagoeneko bilera egin dutela Hezkuntza Saileko, Hondarribiko Udaleko eta ikastetxeko ordezkariek azaldu du alkateak. “Helburuak eta metodologia” aurreikusteko baliatu zutela lehen bilkura erantsi du, eta horretan “sakonduko” dutela erantsi du bukaeran.