[Bideoa eta galeria] Emakumeen eskubideen alde ahotsa goratu dute Hondarribian
Dozenaka hondarribiarrek, bereziki emakumeak, bat egin zuten atzo deitutako mobilizazioan; Martxoak 8 plaza ez dela "nahiko" gogorarazi zioten EAJri.
COVID-19aren izurriak Emakumeen Nazioarteko Eguneko protestak mugatu baditu ere, berdintasunaren aldeko aldarriz bete zituzten atzo kaleak milaka emakumek Euskal Herrian. Hondarribian, dozenaka herritarrek parte hartu zuten Martxoak 8 plazan deitutako elkarretaratzean zein kazeroladan.
Urtero bezala, emakumeen eskubideen alde deitutako protestan alardeak eta Jaizkibel konpainiak leku garrantzitsua bete zuten. Bada, PNV: Plaza ez da nahiko, eman aurpegia zioen pankarta irakur zitekeen igandean inauguratutako Martxoak 8 plazan.
Aurten manifestaziorik egon ez den arren, parekidetasunaren alde ahotsa goratu zuten, beste urte batez, hamarnaka hondarribiarrek. Giro alaian baina erreibindikatiboan igaro zen protesta.
Ondokoak dira elkarretaratzeak utzitako irudi sorta eta bideoa.