[Galeria] «Zuregatik, nigatik, emakume guztiongatik»
M8 Asanblada Feminista Bidasoak hamarka emakume bildu ditu gaur eguerdian San Juan plazan. Arratsalderako beste bi deialdi egin dituzte.
Aurtengo martxoaren 8an ez dira azken urteotako irudi historiko horiek errepikatuko eskualdean, COVID-19ren pandemiak erabat baldintzatu baitu aurtengo Emakume Langilearen Eguna. Halere, Irungo emakumeek kaleak hartzeko autua egin dute gaur eguerdian, M8 Asanblada Feminista Bidasoak egindako deiari erantzunez. Elkarretaratze jendetsua egin dute San Juan plazan, osasun neurri zorrotzak errespetatuz. Banan-banan sartu dira ilaran, eta askotariko mezuak eraman dituzte eskuetan bertaratutako emakumeek.
«Aurtengo martxoaren 8a ezberdina da, baina kaleak hartzen jarraituko dugu, gure eskubideak aldarrikatzen. Etxetik, balkoietatik, ospitaletatik, dendetatik, erresidentzietatik… Mugimendu feministak gaur ere kaleak hartuko ditu. Gaur gure eguna da, eta ozen oihukatuko ditugu gure aldarrikapenak. Zuregatik, niregatik, emakume guztiongatik!», esan dute eguerdiko elkarretaratzean.
Osasun neurriengatik ezin izan dira bertaratutako emakume guztiak pankartaren atzean jarri, eta aukera hori izan ez duten emakume askok Jose Antonio Santano alkatearen kontrako oihuak bota dituzte. Ekainaren 30ean (San Martzial egunean) ere udaletxean egoteko eskatu diote, tartean, gaurko mobilizazioan testua irakurri duen emakumeak. «Alkate jauna, ekainaren 30ean ere hemen nahi zaitugu!», esan diote. Txalo artean jaso dituzte mezu horiek bertaratutako emakume askok.
Arratsaldean aldiz, berriro elkartuko dira San Juan plazan, 18:30ean, eta 19:00etan, eltzekada zaratatsua egingo dutela gogoratu dute. Bide batez, emakume irundar orori luzatu diote balkoiak apaindu eta bertatik oihu egiteko gonbita.
Itaiaren elkarretaratzea
Irunen beste deialdi bat ere egin du Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak. Elkarretaratzera deitu dituzte eskualdeko emakumeak, 18:00etan, epaitegien aurrean.