[Erreportajea] Harreman afektibo eta sexualak, oholtzara
Porno kontsumoak eragindako ondorioen gaineko hausnarketaren abiapuntu gisa sortu zen ‘Porno vs Afrodita (I love #gorkaurbizu)’ antzezlana; harreman sexu-afektiboez gogoeta egiteko gonbita da.
Harreman sexu-afektiboen gaineko antzezlana taularatuko du datorren igandean Benetan Be Teatroak Itsas Etxea auditoriumean. Nafarroako Skolae programaren aurkako zurrunbiloan hasi zen Porno vs Afrodita (edo I love #gorkaurbizu) sorkuntza lana. Ildo horretan, nerabezaroan zein gaztaroan pornoaren kontsumoak dakartzan ondorioei erreparatu, eta oholtzatik zer nolako ekarpena egin zezaketen aztertuta ekin zion testua idazteari Patricia Arruti bilbotarrak. «Gure ergelkeriak, gure ezintasunak, eta gure inguruko gazteenak azkenean ez dira hain ezberdinak, beraz, taularatu ditzagun, umorez, eta hausnarketarako abiapuntu izan daitezen».
40 urteko gazteak gaztetxean
Hausnarketa girotzeko gaztetxea aukeratu zuten lokalizazio gisa. Ixtear dagoen gaztetxe bat da, ez baitago lekukoa hartuko duen gazte belaunaldirik. «40 urte inguruko ez hain gazteak euren azkeneko kontzertu aurreko soinu proba egiten ari dira. Hor dago antzerki guztia, musikaz blai, emozioen transmisore moduan», azaldu du Arrutik.
Pornoaren gaineko gogoeta «arinkeriaz jokatu gabe» eta «komedia klabean» landu dutela zehaztu du. Izan ere, hezkuntza sexual eta afektiboa «anekdotikoa» dela iritzi dio antzezleak, «lehen hezkuntzatik unibertsitateraino».
Ildo horretan, gazteek Internetera jotzen dutela erantzun bila agerian utzi du Arrutik, eta argi mintzatu da helburua ez dela pornoaren kondena bat egitea, bai, ordea, gogoetara bultzatzea: «Gure harreman sexual eta afektiboak honek arautzea nahi dugu? Eta gure gazteenak?». Ildo berean kokatu ditu sare sozialak eta «sasi gertutasun sentsazioa». Hori dela-eta aukeratu zutela Gorka Urbizuren traola zehaztu du.
Jon Zumelaga eta Juanjo Oterorekin batera antzeztutako obra da Arrutirena, eta uneotan, Gipuzkoako biran buru-belarri murgilduta daude. Oarso Bidasoan, hilaren 14an Hondarribian izango dira, eta 27an Errenteria-Oreretan.
Hondarribiko emanaldirako sarrerak Arma Plaza informazio gunean edo ondoko atari digitalean eskura daitezke.