"Ez dugu manifestaziorik egingo, baina kalean izango gara"
Mobilizaziorik ez egin arren, asteleheneko 19:00etan balkoietan zarata egitera deitu dituzte irundarrak, "ozen oihukatuko ditugu gure aldarrikapenak".
Bidasoko M8 Asanblada Feministak iragarri du Martxoaren 8an ez dutelako manifestaziorik antolatuko Irunen, aurreko urteetan egin bezala. “Baina kaleetan izango gara gure aldarrikapenekin”, ziurtatu dute. Horri begira, irundarrei eskatu diete balkoiak edozein objektu morerekin apaintzeko, eta Martxoaren 8ko 19:00etan horietara zarata egitera atera daitezela herritarrak. “Izan ere gure eguna da. Ozen oihukatuko ditugu gure aldarrikapenak, zugatik, nigatik, guztiongatik”.
M8ko asanbladakoek adierazi dute emakumeek pandemiaren aroan euren buruak antolatzeko gaitasuna izan dutela berriz ere, “klase politikoak ordaindu nahi izan ez dituen gabezia horiek guztiak estaltzeko”. Emakumeek laguntza sareak osatu dituztela nabarmendu dute: “Urratutako pertsonei, tratu txarrak eman dizkieten emakumeei eta ezkutuko ekonomiaren parte den sektore feminizatu handi horri laguntzeko sortu ditugu. Izan ere, aipatzen ez dena ez da existitzen”.
Eta nabarmendu dute pandemia aroan ere zainketen ardura emakumeek hartu dutela: “Zainketek ez dute kromosomarik ulertzen. Erantzukidetasuna ikusarazi nahi dugu, beste behin ere, emakumeok hartu dugula zainketen ardura, zailtasunak izan ditugula etxean telelana egiteko edo emakumeen gehiengoaren langabezia, edo lan prekarizatuak jasateko”.
Desberdintasunak izendatzea eta ikusaraztea beharrezkotzat jo dute emakume irundarrek, “mundu aske eta berdin baten aldeko eraldaketa horrekiko kontzientzia hartzeko”.