Saltokiak, kalera
Amuitz merkatarien elkarteak eta Hondarribiko Udalak kale azoka antolatu dute datorren astebururako, nahiz eta behin betiko data eguraldiaren araberakoa izango den.
Amuitz merkatarien elkarteko kideak eta Hondarribiko Udaleko Maria Serrano Merkataritza, Sustapen Ekonomiko eta Turismo zinegotziak datorren astebururako aurreikusitako kale azoka edo braderie aurkeztu dute gaur goizean, San Pedro kalean egindako agerraldian. Merkataritza sustatzeko helburuarekin, merkatariek kalean saldu ahal izango dituzte euren produktuak asteburu osoan zehar. Denera, 25 saltokik izena eman dute, eta hasieran hilaren 12tik 14ra egitea aurreikusi duten arren, behin betiko data datorren astean baieztatuko dutela adierazi dute eguzkiak azoka laguntzea ezinbestekoa ikusten baitute.
Hala, Sonia Herce Amuitzeko kideak azaldu duenez, udalarekin harremanetan jarri ziren merkatarien egoerak hala bultzatuta. Izan ere, «merkatariak gaizki pasatzen ari dira, eta gero eta ekintza gehiago egitea beharrezkoa ikusten dugu bertako merkataritza sustatzeko». Ildo horretan, kale azoka egitea otu zitzaiela azaldu du, «herri ezberdinetan egin dituztelako eta ondo joan zaiela esan baitute». Beraz, udalarekin hitz egin eta aurrerantzean ere «gehiagotan» egingo dituztela iragarri du.
Serranok bere aldetik ekintza «gehiegi» eta «masiboak» egin ez direla deitoratu du, baina «merkataritza kalera aterako dugu eta kaleak ahal dugun neurrian girotuko ditugu». Izan ere, kale azokak «saltokiak zabaltzeko aukera ematen die merkatariei», erantsi du.
Bisitaririk eta turistarik gabe merkatariek egoera zaila bizi dutela onartu dute Serranok eta Hercek. Azken honek adierazi duenez, «hondarribiarrekin parte bat estali arren ez da nahikoa». Hortaz, inguruko herritarrei gerturatzeko gonbita luzatu dute arduradunek, eta aurrerantzean behintzat lurralde historikoaren barruko mugikortasuna ahalbidetzeko itxaropena agertu dute.