[Erreportajea] Antzina eta gaur, emakumeak eraldaketarantz ahaldunduz
1991. urtean burutu zuen Emeki elkarteak lehen bilkura, eta data hori aintzat hartuta, 30. urteurrena ospatuko du aurten. Zailtasunen gainetik, emakumeentzako topagune bilakatzea lortu du elkarteak.
Hondarribiko Emeki emakumeen elkarteak 30. urteurrena beteko du aurten. Ez da nolanahiko ospakizuna, hiru hamarkada luzetan zehar taldearen espiritua, zereginak eta helburuak zailtasun guztien gainetik bizirik eta lehen lerroan mantentzea lortu dutelako.
«Adin guztietako emakumeak elkartzeko gune bat» sortzea zen helburua Tamara Sastre idazkariak azaldu duenez. Hasieratik «oso aktiboa» izan zela elkartearen jarduna zehaztu du. Garai hartan, zenbait irakasle gizonak zirela ere esplikatu du, nahiz eta denborak aurrera egin ahala, pixkanaka, postu horiek emakumeek bete zituzten. «Gaur egun irakasleak emakumeak dira, bazkideak bezala. Soilik emakumeek eman dezakete izena. Diskriminazio positiboa egiten dugu batzuk ados ez egon arren», gehitu du.
Horretarako arrazoiak ere eman ditu Sastrek. Adierazi duenez, gizonak daudenean zenbait emakumek ez dutela parte hartzen jardueretan frogatu dute, «lotsagatik-edo» isilik geratzen direla. «Uste eta frogatu dugu emakumeak emakumeekin gaudenean askoz ere askeago sentitzen garela», argudiatu du. Hori dela eta, zenbait tailer soilik emakumeei bideratuta daude, eta beste batzuk, publiko irekiari.
Zer dela-eta erabaki zuen emakume talde batek elkarte bat sortzea galdetuta, ondokoa erantzun du: «Duela 30 urte gure inguruan mugimendu handia sortzen hasi zen, hainbat dinamika, berdintasun planak… ». Hondarribian, ordea, ez zegoen halako emakume talderik, eta beraz, saretzea eta Emeki elkartea sortzea erabaki zuten.
Urratsez urrats
Begirada 30 urte atzera botaz gero, ibilbidea «oso positiboa» izan dela iritzi dio Sastrek, «nahiz eta egia da urte batzuk zailak izan zirela alardearen kontua dela eta». Emekik publikoki adierazi zuen gatazkatik at zegoela, baina hala ere mehatxuak jasan zituztela onartu du. «Noski, iritzi kontrajarriak zeuden, baina emakumeak sozializatzeko eta elkarrekin egoteko zuten leku bakarra ixteko arriskua zegoen», adierazi du. Ildo horretan, bizikidetza lehenetsi dutela, eta gaur egun ere hala dela berretsi du: «Iritzi ezberdinetako emakume asko daude elkartean, politikan, pentsaeran edo sexualitatean izan, eta hori mantentzen saiatu dira».
Iritziak «askatasunez» partekatzeko gune bat da Emeki, Sastreren iritziz. Eta ez hori bakarrik. Migratutako emakumeek, emakume gehiago ezagutu ditzaten topagunea ere bada, baita tratu txarrak pairatzen dituztenek bakardadetik atera eta konpainia edukitzeko gune segurua ere. Pandemia garaian inoiz baino jende gehiagok parte hartu du Emekik antolatutako jardueretan. 30 urtean mantso egindako urratsak ez direla noraezean izan agerian gelditzen ari da.