«EAJtik akordioaren eta talde guztiak batera joatearen alde lan egingo dugu»
Irun Aurrera laguntza programari 750.000 euro gehiago ematea proposatu dute jeltzaleek, eta guztira, 1.020.000 euro planteatu dituzte, egun udal gobernuak programari eskainitako 270.000 euroen ordez.
Irungo EAJ taldeko Jose Corchon eta Xabier Iridoyk agerraldia eskaini dute gaur batzokian. Bertan, datorren astearteko (hilak 9) osoko bilkuran eztabaidatuko duten aurrekontu proiektuaren gaineko hausnarketa elkarbanatu nahi izan dute irundarrekin.
Jeltzaleen ahotan, egungo osasun egoerak eskatzen duen maila eskaini behar dute aurrekontuek, eta horregatik, udalak ahal dituen baliabide eta laguntza guztiak aktibatu behar dituela uste dute, «gure sare ekonomiko gehienak bizirik iraun eta irundarrek aurrera egin dezaten laguntzeko». Apustu publikoaren unea dela erantsi du Iridoyk. «Gure aukera guztiak erabili behar ditugu, susperraldia hasten denerako, gure sare ekonomikoak oraindik bizirik jarrai dezaten».
Hori dela eta, euskal administrazio guztiak «erantzun oso bat emateko behar diren tresna guztiez hornitu» direla esan dute. Alde batetik, aurrekontu araudia malgutu dela gogoratu dute, eta bestetik, urteetan metatutako finantza egoera onbideratuak ahaleginak handitzeko aukera eskaintzen duela. Irunen zehazki 6.600.000 euroko defizita baimenduta dagoela diote. Honi lotuta, defiziti guzti hori pertsonei laguntzeko erabili beharrean, ia 3.000.000 euro erabili gabe utzi direla salatu dute beste behin. Zentzu horretan 63 proposamen egin dizkiote udal gobernuari, hiru ataletan banatuta: sektore kaltetuenentzako zuzeneko laguntzak, etorkizunek Irun indartuko duten inbertsioak eta etorkizuneko Irun martxan jartzeko apustua.
Hala, Irun Aurrera laguntza programari 750.000 euro gehiago ematea proposatu dute jeltzaleek, eta guztira, 1.020.000 euro planteatu dituzte, egun udal gobernuak programari eskainitako 270.000 euroen ordez. «Apustu eskasa dela iruditzen zaigu. Are gehiago ostalariak, tokiko merkataritzak eta beste hainbat zerbitzuk laguntzak orain behar dituztela dakigunean».
Inbertsioei dagokionez, EAJk hainbat gai lantzea proposatu du, hala nola, Agenda 21ean jasotako komun publikoak jartzea, Miguel de Ambulodi eta Villa Madariaga lursailetan lur gaineko aparkalekuak egitea, udal instalazioak hobetzea, San Martzialeko tenis pista estaliak egokitzea, San Migueleko futbol zelai berria osatzea edo Alzukaitz, Ibarrola, Artiga eta Blaiara igotzeko kaleen arteko bidegurutzean zubi eta biribilgune berria eraikitzea.
Azkenik, etorkizuneko proiektuez aritu dira taldeko bi kideak, haien ustez, «COVID-19a gainditu eta etorkizuneko Irun eraikitzen lagunduko dutenak». Euskara, gazteria, hezkuntza eta berdintasunean benetako apustua egiteko konpromisoa hartu dute. Horrez gain, «Irun bidegozkoagoa eta kohesionatuagoa izan dadin», adinekoei laguntzeko sare komunitario bat sortzea proposatu dute. Besteak beste, auzoetan kultur jarduerak formatu txikian egiteko Kultura Plan estrategikoa egitea, San Miguel-Anakako kiroldegi proiektua eta Txenpereneako errekuperazioa jaso dituzte atal honetan.
«Joan den apiriletik egiten ari garen bezala, EAJtik akordioaren eta talde guztiak batera joatearen alde lan egingo dugu».