Paduren «mantenu faltarekin» kexu agertu da Amute-Kosta Auzo Elkartea
Txingudiko Plan Zuzentzailearen barruan iragarritako lanak direla eta, mantenu faltaren gaineko lehen abisua 2018. urtean erregistratu zutela gogoratu dute bizilagunek.
Eusko Jaurlaritzako Arantza Tapia Garapen Ekonomiko, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak, eta Irungo Jose Antonio Santano eta Hondarribiko Txomin Sagarzazu alkateek joan den astelehenean egindako bilera dela-eta oharra plazaratu du Amute-Kosta Auzo Elkarteak. Izan ere, Txingudiko Plan Zuzentzailearen harira iragarritako inbertsioen aurrean, Plaiaundiko eta Jaitzubiako padurek bizi duten «mantenu falta» salatu dute auzotarrek idatzian. Are gehiago, 2018an eta 2019an horren inguruko abisuak erregistratu zituztela Hondarribiko Udalean zein Diputazioan, hurrenez hurren, jakinarazi dute.
«Jaitzubiako eta Plaiaundiko paduren parte da Amute-Kosta, eta ezin diogu pentsatzeari utzi erabiltzaileok eta auzokideok egunero bizi dugun egoera», adierazi dute. Hori horrela, «inplikatutako administrazio guztien bilera eta gero, mantenuaren inguruan hausnartzeko aukera ihes egiten utzi dutela uste dugu. Oharrak zertarako balioko ote duen zalantza agertu nahi dugu, baina hala eta guztiz ere, egoera zein den gogorarazi nahi genuen».