Emigrazio eraikinaren etorkizuneko erabilerak zehazteko partaidetza prozesua abiatu dute
Irundarrekin batera beheko solairuko 537 metro koadroko eremuaren erabilera zehaztu nahi dute. Dagoeneko auzoko zenbait elkarterekin bildu dira.
EH Bildu udal taldeak aurkeztutako zuzenketa bati esker, Irungo Udaleko Herritarren Partaidetzarako sailak San Migueleko emigrazio eraikinaren etorkizuneko erabilerak zehazteko partaidetza prozesua abiatu berri du. 2019an laga zion eraikina Espainiako Estatuak udalari.
Egun eraikinaren kanpoaldea birgaitzeko obretan ari dira, eta behin lan horiek amaituta, zein ekipamenduz hornitu zehaztuko dute, herritarren eskutik.
Zuzkidura apartamenduak eraikiko dituzte eraikina dagoen lekuan, baina beheko solairua auzotarrek eta gainerako irundarrek gozatzeko gunea izatea nahi du udalak. «Proiektua aberasteko, auzoari entzungo diogu, eta kontuan hartuko dugu auzotarren iritzia. Dagoeneko baditugu Auzo Elkartearen eta auzoko beste talde batzuen proposamenak, eta, orain, herritar guztiek parte hartu ahalko dute prozesuan», esan du Monica Martinez ordezkariak. Zehazki, beheko solairuko 537 metro koadroko eremuaren erabilera zehaztu nahi dute.
Gaineratu duenez, prozesuaren asmo nagusia irundar guztien proposamenak eta ekarpenak jasotzea da, beharren programa bat osatzeko, eta udal teknikariei eraikineko guneak eta ekipamendua egokitzeko proiektua prestatzeko oinarriak emango dizkiete.
Partaidetza prozesu honen lehenengo fasean, San Migueleko auzo elkartearekin, auzoko beste elkarte batzuekin eta gazte elkarteekin aritu da udala, eta dagoeneko zenbait proposamen jaso dituzte. Horien artean, auzo elkartearen bulegoak eta adinekoentzako lokala lekualdatzea eta jarduerak antolatzeko erabilera askotariko gune zabala egitea jaso dute.
Bestalde, EH Bilduko Ane Unanue pozik agertu da euren zuzenketari esker abiatu duten prozesuarekin. «Herritarren partaidetza gure lan ildo nagusietako bat da, eta irundarren iritzia kontuan hartzea onuragarria iruditzen zaigu beti. Auzorako erabilera eta ekipamendu sozial garrantzitsuak sortzeko aukera ematen du proiektu honek, eta ziur gaude partaidetzari esker proiektua aberastuko dugula», esan du koalizio subiranistako kideak.