Abotsanitz: «Ardurak eskatzeko ordua da, ekonomikoak eta politikoak»
Txomin Sagarzazu alkatea eta EAJ egin dituzte HAPOa baliogabetzearen «arduradun bakarrak», eta erantzukizunez jokatzeko galdegin die: «Gu bagina, dimisioa emango genuke, zalantzarik gabe».
Espainiako Auzitegi Gorenak Hondarribiko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) behin betiko baliogabetu izanaren aurrean, «ardurak eskatzeko ordua» dela iritzi dio gaur goizean Abotsanitz Herri Batzarrak prentsa aurrean egindako agerraldian. Ardura «ekonomikoak eta politikoak» galdegin dizkio EAJren gobernu taldeari eta Txomin Sagarzazu alkateari, haiek baitira udal taldearen esanetan, «arduradun bakarrak». Are gehiago: «Gu bagina, dimisioa emango genuke, zalantzarik gabe».
«Ikaragarritzat» jo ditu Igor Enparan bozeramaileak, halaber, HAPOaren indargabetzeak dakartzan ondorioak. Udal ordezkariak azaldu duenez, Hondarribiak uneotan duen «tresna urbanistikoa 1996ko abenduko arau subsidiarioak dira», eta 2017tik aurrera –HAPOa onartu zenetik– «hartutako erabaki urbanistikoak arautik kanpo geratzen dira: beilatokia, etxebizitzak, Zaldunborda, Madalenako Kuboko plangintza…». Gainera, 2003tik 2017ra egindako lana eta «gutxienez» ordaindutako 800.000 euroak ez dutela «ezertarako balio izan» erantsi du. Era berean, epaiak hainbat enpresa eta herritarrei eragindako «kalte patrimonialak» bere gain hartzera deitu du udal talde jeltzalea.
Aurrera begiratuz
Kronologia, ondorio eta balorazioaren lehen zatiaren ostean, «aurrera begiratzeko ordua ere» badela adierazi du Enparan bozeramaileak. Hala, plan berria diseinatu bitartean, 1996ko arau subsidiarioak baliatuta hainbat proiekturekin aurrera egiteko eskatu dio ordezkariak tokiko gobernuari, hala nola: Damarri eta Presako etxebizitza publikoak, Zubietako jarduera ekonomikorako gunea, edota Mendelu eta Kosta auzoak hobetzeko proiektuak.
Hala eta guztiz ere, plan berriaren diseinuarekin «kezka» agertu dute herri batzarreko kideek. Izan ere, iazko uztailean Hondarribiko Udalbatzak aho batez plan berria izapidetzen hastea erabaki zuenetik gainontzeko alderdiekin «oinarriak adosteko» bilerarik egin ez izana deitoratu du bozeramaileak.
Zentzu horretan, alkateak aste honetan «plana garatzen ari direla» esan izana «oso larria» dela iritzi dio Enparanek. Ez hori bakarrik. Ordezkariak azaldu duenez, 2017ko plan orokorra da orain diseinatzen ari direnaren oinarria, eta beraz, epaitegiek berretsitakoaren «kontra» aritzea leporatu dio Sagarzazuri, «Auzitegi Nagusiak, Gorenaren jurisprudentzia kontuan izanik, baliogabetzeak plan orokorraren osotasunari eragiten diola ebatzi zuelako». Eta hori da, hain justu, «2017an egin zuten gauza bera», hautetsiak amaitu duenez.