Gobernu taldeak Talaia institutuak egindako eskaerak «ez erantzutea» deitoratu du PSE-EEk
Hezkuntza sisteman murgildu ahal izateko kanpotik iritsitako ikasleak euskara ikasteko errefortzua galdegin dio talde sozialistak EAJren udal gobernuari.
Kanpotik iritsitako ikasleei bideratutako eskolaz kanpoko euskara errefortzua eskatu zion Talaia BHIk Hondarribiko Udalari orain dela urte eta erdi, ikastetxeak aste honetan jakinarazi duenez. Eskaera propio eginez, EAJren gobernu taldeak eskaerari «ez erantzutea» deitoratu du Noemi Odriozola PSE-EEren udal taldeko zinegotziak komunikabideetara igorritako oharrean.
Talde sozialistak «behin baino gehiagotan egindako eskaera da», adierazi du udal ordezkariak, «eta 2019ko aurrekontuetan horretarako 20.000 euroko diru-saila eskatu genuen». Hain zuzen, 6 eta 16 urte arteko ikasleek eskolaz kanpoko orduetan errefortzua jasotzeko proposatu zuen diru-partida talde sozialistak. Adin tarte horretarako «euskaltegi moduko bat litzateke», Odriozolaren hitzetan, «euskaltegian izena emateko gutxieneko adina 16 urte direlako». Zentzu horretan, Gurutze Gorriak egindako lana nabarmendu du zinegotziak.
Hala, hilaren 4an aurkeztutako Helburua: Hondarribia 2020-2030 dokumentuaren 35. proposamenean jasotako ekarpenetako bat dela adierazi du: «Eskolaz kanpoko laguntza eman eta beharra duten kolektiboen artean laguntza hori bermatzea. Euskararen ikasketa prozesuan indarra jartzea eta sakontzea». Ikasleen arteko berdintasuna bermatzeko modua dela iritzi dio azkenik hautetsiak.