‘Montai auzian’ deliturik ez duela ikusi fiskaltzak jakinarazi du Abotsanitzek
«Irregulartasunak» onartu ditu fiskaltzak, nahiz eta zehaztu duenez, «ez da nahikoa frogatu Montai taldeko enpresen kontratazioan egindako irregulartasun horiek delitu direnik».
Abotsanitz Herri Batzarrak ezagutarazi du albistea: «Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltza Nagusiak baieztatu duenez, Hondarribiko Udalak irregulartasun sistematikoak egin ditu Montai taldeko enpresen kontratazio jarraituan». Erantsi duenez, fiskaltzak praktika horiek ez salatzea erabaki du, honako hitzekin: «Ez da nahikoa frogatu Montai taldeko enpresen kontratazioan egindako irregulartasunak delitu direnik».
Zabaldutako informazioaren arabera, iazko urtarrilean eman zion Abotsanitzek egoeraren berri fiskaltzari, EAJren udal gobernuak kontratazioen legea betetzeari «behin eta berriz uko egin» ondoren. Erantzuna positibotzat jo dute, baina zehaztapena egin dute: «Horrek ez du esan nahi gauzak ondo egin direnik».
Hori horrela, «lasaitua» hartu duela adierazi du herri batzarrak, «irregulartasun sistematikoen eta ustelkeriaren artean alde handia dagoelako. Ez bakarrik legezko erantzukizunei dagokienez, baita egoera iraultzeko aukerari dagokionez ere».
Hala eta guztiz ere, «udal gobernuak sistematikoki modu irregularrean kontratatu izan du, eta kontratatzen ari da», erantsi du udal taldeak, «eta fiskaltzaren erantzunak gure jarrera indartzen du».