EH Bilduren arabera EAJk ez du HAPOaren «hilotza kutxan sartu nahi»
«Milioi bat euroren bueltan» kostatu arren, «gaizki» egin zela gogoratu du koalizio abertzaleak, «ezin dugu denbora, diru eta baliabide gehiago galdu».
Espainiako Auzitegi Gorenak Hondarribiko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) aurkako epaiari jarritako kasazio-errekurtsoa onartu ez izanak EH Bilduren erreakzioa ere eragin du. EAJren gobernu taldeak ez duela HAPOaren «hilotza kutxan sartu nahi» kritikatu du koalizio abertzaleak. Areago, helegitea sartu arren, «iazko uztailaren 23an udalbatzan, HAPO berriari hasiera eman genion. Geroztik, teknikariak lanean dabiltza, eta uste dugu, badela lana».
Hori horrela, «milioi bat euroren bueltan» kostatu zuela gogora ekarri dute abertzaleek, eta hala ere, «gaizki» egin zela nabarmendu dute. Hortaz, ondoko esparruak kontuan hartzera gonbidatu dute udal gobernua:
- «Osasun krisiak erakutsi digu elkarrekin egin behar dugula aurrera». Masa-turismoak goia jo duela iritzita, Hondarribia turisten hiria ez izateko neurriak hartzera deitu du EAJk.
- Osasunean, hezkuntzan, zaintzan, hizkuntzan eta kulturan erakunde publikoek duten papera indartu behar dela uste du koalizioak.
- Merkatalgune erraldoiak baztertu eta lurra eta ingurunea zaintzeko eskaria helarazi dio tokiko gobernuari: «Next generetion delakoari toki hobea uzteko, Zaldunbordan bezala hiri guztian zehar».
- Ondasun naturalak balioesteko, eta horiek garapen sozialerako erabiltzeko ere eskatu du, uraren eta eremu naturalen kudeaketarekin enplegu ekologikoa sustatuz. «Horiek ez dira gastuak inbertsioak baizik. Itsasoari begira bizi behar dugu eta eman diezagukeena baliatu».
- Hondarribiarrek urte osoan zehar bizitzeko hiria behar dutela aldarrikatu du udal taldeak. «Higiezinen interes ilunetatik libre, interes partikularretik harago» jotzeko galdegin dio tokiko gobernuari, «bakan batzuen interesetatik» aldenduz.