22 urtez hiriko nerabeei arreta ematen
Ingurune Irekiko Heziketa Programaren egoitza bisitatu du gaur David Nuño ordezkariak. Azaldu duenez, gazteekin «haien hizkuntzan» lan egitea da programaren asmoa, hezitzaile eta nerabeen artean harreman hurbila izatea, zuzenekoa.
Irungo Udaleko Gizarte Ongizate saileko ordezkari David Nuñok Deskarga kaleko udal lokala bisitatu du gaur, Irungo Ingurune Irekiko Heziketa Programaren egoitzan hain zuzen ere. Harekin batera, programaren zenbait arduradun izan dira.
Bisita hori probestu du Nuñok programaren gaineko xehetasunak emateko. «11 eta 17 urte bitarteko nerabeei arreta emateko eta berauekin lan egiteko zerbitzu komunitario bat da Ingurune Irekiko Heziketa Programa, adin horretako nerabeen behar sozio hezitzaileei haien testuinguruan bertan erantzutea duena helburu. Lan egiteko, harreman hezigarriak sortzen dira nerabeekin, banaka zein taldeka, haien ingurunean eta haien eguneroko bizitzan bertan betiere».
Orain dela 22 urte abiatu zuen udalak programa, eta hasiera batean hiriko bi eremu edo auzotan jarri zuten martxan. Azken urteetan aldiz, hiri osora zabaldu dute, hiru eremutan banatuta: mendebaldea (Anaka, San Migel, Antzaran, Pinudi, Urdanibia eta Katea), erdialdea (Erdialdea, Belaskoenea, Elitxu-Lapitze, Larreaundi eta Olaberria) eta ekialdea (Arbes, Artia, Behobia, Dunboa, Alde Zaharra, Santiago, Beraun, Meaka eta Ibarla).
Finean gazteekin «haien hizkuntzan» lan egitea da programaren asmoa, hezitzaile eta nerabeen artean harreman hurbila izatea, zuzenekoa. Horrez gain, bi helburu nagusi ditu: batetik, zailtasun gehien dituzten nerabeak testuinguru eta baliabide normalizatuetan integratu ahal izatea eta bestetik, komunitatearen baliabideak nerabeen beharretara egokitzea.
Amaitzeko, Nuñok azaldu du Irungo Haur eta Nerabeentzako I. Plana aurkeztu berri duela udal gobernuak, otsaileko osoko bilkuran onartzeko asmoz.