1,7 milioi euroko aurrekontua, hiriko berdegune, parke eta lorategiak mantentzeko
Irunek egun dituen ia milioi bat metro karratuko eremu berdea «mantendu, zaindu eta hobetzea» da onartu berri duten diru partidaren helburu nagusia.
Irungo Udalak jakinarazi berri duenez, 1,7 milioi euroko aurrekontua onartu berri du, «hiriko berdeguneak, parkeak eta lorategiak mantentzeko, zaintzeko eta hobetzeko lanetarako». Onartutako 1.790.000 euroko aurrekontuarekin, eta kontratua esleitu ostean, bi urteko iraupena izango duela zehaztu dute udaleko iturriek eta beste bi urtez luzatu ahal izango dela.
«Asko dira urte osoan lorezaintzan eta zuhaitzen kontserbazioan egiten diren ahaleginak, espazio publikoak zaintzeko eta Irun hiri atseginagoa bihurtzeko beste modu bat dira», esan du Monica Martinez ordezkariak. Kontratu honek salbuespen bat duela erantsi du ordezkariak: kontratuaren barruan sartu dute haziak, ongarriak, fitosanitarioak, substratuak, ureztatzeko materiala eta mota guztietako landareak erostea. Era berean, ekipamendua berritzeko inbertsioa handitu dute; beharrezkotzat jo dute bost ibilgailu berri erostea.
Irunek, egun, ia milioi bat metro karratu parke eta lorategi ditu, eta eremu guzti horretan kudeaketa eraginkorra egiteko premia nabarmendu du Martinezek.
40 langileko taldea
Urte osoan zehar landaketa lanaz gain, lorezaintza zerbitzuan 40 lagun ari direla erantsi du ordezkariak. Nabarmendu duenez, kontratu hau enplegu zentro berezientzat erreserbatuta dago, hau da, «aniztasun funtzionala duten langileei lan produktibo eta ordaindua ematea» da udalaren xedea, «beren ezaugarri pertsonaletara egokituta eta langile horiek lan merkatu arruntean integratzea erraztuko duena».