Urrezko eta zilarrezko domina bana ekarri dute Espainiako Txapelketatik
23 urte azpikoen Espainiako Txapelketa jokatu dute BATeko zazpi kirolarik. Bi dominez gain, zenbait marka pertsonal gainditzeko aukera izan dute kirolariek.
Bidasoa Atletiko Taldeko (BAT) 23 urte azpikoek asteburu oparoa izan dute. Espainiako Txapelketa jokatu dute asteburu honetan klubeko zazpi kirolarik, eta guztira, bi domina eskuratu dituzte, urrezko eta zilarrezko bana. Horrez gain, zenbait kirolarik euren marka pertsonala gainditzeko aukera izan dute, beraz, asteburu biribila izan da askorentzat.
Iker Arotzenak izan du astebururik oparoena. Izan ere, Espainiako txapeldun izendatu dute luzerako saltoan, 7,46 metroko saltoarekin. Marka honekin, orain arteko pertsonala gainditzea lortu du eta garaipen honi esker, Madrilen izango da asteburu honetan, Espainiako Txapelketa Absolutua jokatzeko.
Eskualdera ekarritako bigarren domina Eva Queimañok eskuratu du. Pentatloian zilarrezko domina eskuratu du, honako markak eskuratu ostean: 60 metro hesietan 9,20ko marka, 1,63 metroko saltoa altuerako saltoan, 9,99 metro pisu jaurtiketan, 5,24 metroko saltoa luzerako saltoan eta 2’31”75-eko marka 800 metroetan.
Dominez gain, BATeko kirolariek ere emaitza onak eskuratu dituzte. Adriana de Pradok adibidez, seigarren postuan sailkatzea lortu du 3.000 metroetan, 9’45“06-ko markarekin (10 segundoan murriztu du bere marka pertsonal onena). Bestalde, Goizane Garcia zazpigarren postuan sailkatu da pisuko jaurtiketan, 11,78 metroko jaurtiketarekin; Izaro Irastorza zortzigarren sailkatu da altuerako saltoan, 1,56 metroko saltoarekin eta Ana Gomez 200 metroak 26,28 segundotan zeharkatu ditu (12. postua eskuratu du).
Taldekako sailkapenean 8. postua eskuratu du talde bidasoarrak.
Errekor berria Irune Muguruzarentzat
BATeko zenbait kirolari Valentzian lehiatu diren bitartean, beste batzuk Donostian (Anoetako belodromoan) aritu dira, pista estaliko proba libreetan. Bada, klubeko Irune Muguruzak orain arteko emaitzarik onena eskuratu du 400 metroetan: 57,11 segundotan zeharkatu ditu, beraz, klubeko errekorra hautsi du, baita bere marka pertsonala ere.