Martxoak 8 plaza izango du aurrerantzean Hondarribiak
Posta bulegoaren plazatxoak jasoko duela izendapena ezagutarazi dute gaur goizean Emekik eta udal ordezkariek, eta Martxoak 8ari begira antolatutako ekitaldien berri eman dute.
Genero berdintasuna aldarrikatzea helburu duen Martxoak 8 egunerako aurreikusitako ekitaldien berri eman dute gaur goizean Emeki elkarteko eta Hondarribiko Udaleko ordezkariek. Posta bulegoa kokatuta dagoen plazatxoan egin dute agerraldia emakumeen elkarteko Tzane Carrillok eta Maria Jesus Berrotaranek, eta gobernu taldeko Txomin Sagarzazu alkateak eta Gotzone Larrarte Gizarte Zerbitzu, Berdintasun eta Lankidetza zinegotziak. Prentsaurrekorako kokapena ez da kasualitatea izan, ezagutarazi dutenez, Martxoak 8 plaza izendatuko baitute eremua aurrerantzean.
«Franko denbora generaman Hondarribian emakumeen izeneko kaleak edo esparruak behar zirela esanez», azaldu du Carrillok, «eta bi urteren ondoren, proiektua aurkeztu dugu». Hala, Bernat Etxepare eta San Pedro kaleen arteko eremuari izendapena aldatzea «oso garrantzitsutzat» jo du kideak, hondarribiarrentzat «topaleku» delako ingurua. Hala, laburbildu duenez, «faltan botatzen den hori betetzen joatea da asmoa».
Hori horrela, ez dutela kale izendegia aldatzea nahi adierazi dute Emekiko kideek, eta beraz, izendatu ez diren txokoak, plazak eta kaleak direla azterlanean bildu dituztenak zehaztu dute. Proposamenen artean aipatu dituztenak, dira: asto edo iturri plazari (Eroslearen aurrean) Bienvenida Emazabel izendatzea; kofradia parean, Yola eta Enbata arteko eremuari, Sare Konpontzaile plaza jartzea; Alde Zaharrean, merkatua zegoen lekuari, Agustina Genua deitzea…
Hala eta guztiz ere, Emekiko zein udaleko ordezkariek proposamenak aztertzen ari direla nabarmendu dute, eta beraz, momentuz, erabakitzeke dagoela izendapen horiek gauzatuko diren edo ez.
Alkateak, bere aldetik, kale izendegian «emakumeen presentzia handitu» nahi dutela azaldu du, uneotan, «eskasa delako».
Emakumearen Asteak 30 urte
Koronabirusaren izurriak markatutako Martxoak 8 izango den arren, aurten Emeki elkarteak 30. urteurrena beteko du, eta harekin batera, Emakumearen Asteak ere. Hortaz, aurtengoa berezia izango da, nahiz eta aurreikusitako ekintza guztiak osasun egoeraren menpe egongo diren, eta adierazi dutenez, behin betiko egitaraua aurrerago baieztatuko duten.
Hala, aurreikusitako ekitaldien artean, besteak beste, daude: kartel lehiaketan parte hartutako lanen erakusketa; umeentzako ipuin kontaketa Puntaleko eskola zaharrean; Nieves Alzaren hitzaldia Kultur Etxean; Antzina eta Gaur liburuaren aurkezpena ikastetxeetan…
Horrez gain, Bidasoako M8 Asanbladan ere parte hartzen du Emekik, nahiz eta aurtengoan manifestaziorik ez dutela egingo aurreratu duten. Horren ordez, ziurrenik, Hendaia, Irun eta Hondarribiko protestak lotzeko formatua «ordu jakin batean baina leku ezberdinetan planto eginez» izango dela iragarri dute. Halaber, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxaren ekitaldiarekin bat egingo dute, momentuz, definitzeke dagoen moduan.
Emekik antolatutako ekitaldiez gain, udalarena da kartel lehiaketaren deialdia, Larrartek argitu duenez. Horrekin batera, liburutegian Martxoaren 8ari eskainitako txoko bat prestatu, Gazteria eta Prebentzio Komunitarioak bultzatutako Tizatu kanpaina sustatu eta Sufragistas film luzea proiektatuko dutela erantsi du.