Kostak bizi duen egoerak bilera eskatzera eraman du auzo elkartea
Azkenaldian pilatutako obrek ondorioak izan dituzte Kostan. Egoera ikusirik udalarekin bilera eskatu du auzo elkarteak: informazioa jaso, eta zalantzak zein ezbeharren aurrean ardurak argitzea nahi dute.
Hamaika dira azkenaldian Kosta auzoan pilatutako «arazoak». Iragan astean etxebizitza promozio berrien inguruan abandonu egoeran dauden eraikinengatik «kezka» agertu bazuen PSE-EEk, aste honetan, pairatutako «arazo pilaketa» medio udal arkitektoarekin bilera eskaria erregistratu duela jakinarazi du Amute-Kosta Auzo Elkarteak.
Iñaki de la Fuente da bizilagun taldeko bozeramailea. Zehaztu duenez, arazo pilaketa baino, «obra ugari» aurrera eramaten ari direla da arazoa. Eraikuntza lanez gain, «hoditeria eta harguneak» ere aldatzen ari direla erantsi du auzokideak, eta horrek, bestelako ondorioak eragin dituela auzoan zehaztu du, hala nola: «Hainbat eremutan luiziak gertatu dira, errepidearen errei bat kendu dute, bidegorria moztuta dago, zenbait eraikinek obrei eutsi diezaieketen zalantza dugu erabateko abandonu egoeran edo erortzear daudelako… Orokorrean, gauza asko dira».
Erantzunen bila
Egoerak Kostako bizilagunen eguneroko bizitza eta ohituretan duen eragina kontuan izanda, auzokideen kezkak bildu eta udal arkitektoarekin «informazioa jaso eta zalantzak argitu» nahi ditu auzo elkarteak. Dagoeneko bi hilabete igaro dituztela baldintza horietan azaldu du De la Fuentek, eta egoera zenbat luza daitekeen argitu nahi dutela nabarmendu du.
Baina ez hori bakarrik. «Adituak ez garen arren, ikusi dugunaren arabera, orain arteko soluzioek ez dute arazoa konponduko, mendi hegala berriz ere eroriko da», azaldu du kezkatuta bozeramaileak: «Eta zeini dagokio arazoari heltzea? Udalari, edo lursaileko jabeari?». Areago ere jo du auzokideak, eta mendi hegalean ematen diren lur mugimenduek, abandonu egoeran dauden eraikinek edota obrek eragindako bestelako arazoren batek «ezbeharren bat» eragingo balute, erantzukizuna zeinena izango litzatekeen argitzea nahi dute.
Hori horrela, zalantzak argitu nahi ditu batez ere Amute-Kosta Auzo Elkarteak, baita erregistratutako eskaerak erantzuteko arduraduna nor den argitzea ere. Zentzu horretan, idatziak zergatik ez ote diren beti erantzuten ere jakin nahi du auzo elkarteak.