Hamahirugarren mikro mezuen lehiaketak keinu bat egingo die merkatariei
Aurtengo sariketak mezu inplizitu bat helarazi nahi dio pandemiak gogor astindu duen merkatarien sektoreari. 'Gertuko merkataritza: auzoan erostearen abantailak' leloan inspiratutako mezuak aurkeztu beharko dira.
Irungo Udalak martxan du jada urteroko mikro mezuen lehiaketa. Urtero bezala, martxoaren 15eko Kontsumitzaileen Eskubideen Egunaren harira antolatu dute hamahirugarren edizioa ere. Gaur bertan lehiaketaren gaineko xehetasunak eman dituzte Rebeca Gonzalez Kontsumo saileko ordezkariak eta Hiri Bultzadako ordezkari Junkal Eizagirrek.
Biek azaldu dutenez, aurtengo sariketak mezu inplizitu bat helarazi nahi dio pandemiak gogor astindu duen merkatarien sektoreari. Irungo dendetan kontsumitzeko kultura sustatu nahi dutela diote, BidaShop eta Mugan elkarteekin elkarlanean ari baitira. Gonzalezek azaldu du «pandemiaren ondorioak sufritzen ari den sektore bati» eskaini nahi izan diotela laguntza aurten, bi helburu nagusirekin: «batetik, kontsumo arduratsuaren inguruan sentsibilizatzen jarraitu eta, bestetik, gertuko merkataritzaren alde egin».
Lehiaketa Gertuko merkataritza: auzoan erostearen abantailak leloan inspiratutako mezuak idaztean datzala azaldu dute bi ordezkariek, eta euskaraz zein gaztelaniaz parte hartu daitekeela. Martxoaren 6ra bitarte bidali daitezke mikro mezuak (gehienez 400 karakterekoak), helbide honetara.
Sariak adinaren arabera kategoriatan sailkatuko dituzte: LHko 5. eta 6. mailetako eta DBH mailako ikasleentzako Samsung Galaxy tableta bat sarituko dute; DBHko 2., 3. eta 4. mailako ikasle irabazleek aldiz, ordenagailu eramangarri bat jasoko dute.
Pandemiagatik aurten ezingo dute udaletxeko areto nagusian sari banaketarik egin, beraz, modu telematikoan jarraitu beharko da.
2.500dik gora kontsulta 2020an
Gaurko agerraldia ere Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoaren 2020ko balantzea egiteko probestu dute Gonzalez eta Eizagirre ordezkariek. Datuei erreparatuta, 2.552 kontsulta erantzun zituzten iaz, inoiz baino gehiago udalaren arabera. Telefono eta posta elektroniko bidezko arretak ere gora egin zuen. Kontsulta gehienak garraio eta bidaia gaien gainekoak izan direla zehaztu dute.
Erreklamazioek aldiz 2020an beherakada izan dutela ondorioztatu dute, bulegoko arduradun ustez, konfinamenduaren ondorioz.