[Erreportajea] Eten, arnasa estutu baino lehen
Koronabirusak eragindako etenaldia ez da, pentsa litekeen heinean behintzat, arnas izan ingurumenarentzat. Egoerari aurrea hartu ezean, klima krisialdiak ondorio konponezinak izango ditu animaliengan ez ezik, baita arnasten dugun airearen kalitatean ere.
«Baliteke laster marmoka baino maskara gehiago egotea Mediterraneoko uretan», dio National Geographic-en titular batek. Izan ere, birusari aurre egiteko osasun eta segurtasun neurriek kronikoa den gaixotasun bat laztu dute: kutsadura.
Aurrekaririk gabeko testuinguru honek maskarak —beste hainbaten artean— gehitu dizkio urtero itsasoan pilatzen diren hamaika milioi tona hondakin plastikoei. Minutuko 381 musuko ekoizten dira EAEn. Horietako zenbatek amaitzen dute ozeanoan? Hitz egin liteke kutsadura mota berri batetaz? Eta, funtsezkoena: zein erantzukizun du norberak hedapen horrekiko?
Musukoen zokoratze okerra da, gehienetan, horiek itsasora arte egiten duten ibilbidearen abiaburu. Eguzki talde ekologista eta antinuklearreko kide den Garikoitz Plazaolak uste du ingurumenean eman diren aldaketa nabarmenenen hastapenak gure inguruan ikus daitezkeela, tamalez, egunero: «Elementu berriak, alegia, lehen erabiltzen ez genituenak, orain kalean ikusten dira, botata, lurrean».
Eguzkiko kideak pandemia hasi zenetik ari dira gogorarazten eskularru eta musukoen zokoratze okerrak poluzioa areagotu ez ezik, baso-itsas fauna nahiz hegaztiak zuzenean kalte ditzakeela.
Joan den hilabetean Pasaian hilik —maskara batekin korapilatuta— topatutako antxeta mokogorriaren argazkiak nolabaiteko alarma piztu zuen sare sozialetan, baina kasu hura ez da bakana. Kontua da, esan ohi den bezala, ikusten ez dena, ez dela existitzen: «Halakoak gertatzen dira eta ez ditu inork topatzen, edo inork ez die argazkirik egiten, eta badirudi ez direla gertatu».
Keinu txiki batek bizidun askoren patuak alda ditzake: maskarak errefusaren ontzira bota aurretik gomak moztea. Aholku hori eman dute bai Plazaolak bai Mater Ontzi Museoko kide den Sara Lizarzak ere.
Erabilera bakarrekoak
Erakunde ekologistako kideak instituzioen babes eza salatu du: «Aholkuak denok ezagutzen ditugu, baina ez da administrazioa ematen ari den mezua, baizik eta sentiberagoa den inguru bat egiten ari den gomendioa, norbanakoak ekimen propioz».
Horrekin batera, aipatu du gomendagarria litzatekeela maskara berrerabilgarrien baliatzea sustatzea, hein batean txikiagotzeko horiek ingurumenean duten inpaktua. Maskara kirurgiko batek 300-400 urte inguru behar ditu deskonposatzeko, eta, hala ere, ez dira inoiz desagertzen, txikiagotu eta mikro-hondakin bilakatu baizik.
COVID-19ak erabili eta botatzekoen merkatua biderkatu duen honetan, Plazaolak atzera begiratzeko gelditzea proposatu du, orain arte egindako bidea behatu eta lan hori ezerezean gal ez dadin zentzuz jokatzeko. Ezinbestekoa da erabilera bakarreko produktuak aitzakia ez bilakatzea plastikoaren industria elikatu eta sendotzeko.
Faktore asko dira azken hilabeteetan hondakinen krisialdia bultzatu dutenak: konfinamenduak etxeko zaborra ugaritu du, ostalaritza eta jatetxe establezimenduen itxierak eramateko elikagaien industria bultzatu du, kutsatzeko beldurrak latexezko eskularruen erabilera areagotu du… Eta norberaren erantzukizuna erdigunean dago orain, aurretik inoiz ez bezala.
Plazaolak ez du amore eman: «Uste dut badela denongan oinarrizko kontzientzia bat, baina askotan piztu egin behar da era aktiboan horri ekiteko». Horretarako, ikasitakoa ahaztu gabe, berrikastea da gakoa, hondakinak bereiztetik hasi eta eguneroko ekintzek etorkizunean izan dezaketen inpaktuaz kotzientziatzera arte.
Eguzkik alerta jo du, klima krisialdia mundu agendako lehen planotik ezabatzeak epe luzera konponezin izan liratekeen ondorioak ekar ditzake, zailtasun ekonomiko, sozial eta sanitarioaren gainetik.