Gobernu Programan adostutakoa bete dezaten «hitzetatik ekintzetara pasatzeko» eskatu du EH Bilduk
Koalizio subiranistak aurkeztutako 17 proposamenetatik 14 bere gain hartu ditu udal gobernuak. Gobernu koalizio berria osatu zenetik, EH Bilduk ez du «sakoneko aldaketarik atzeman».

Joan den ostiralean udalbatzan eztabaidatutako Gobernu Programaren gaineko balorazioa egin berri du Irungo EH Bilduk. Koalizio subiranistak aurkeztutako 17 proposamenetatik denak aurrera atera ziren, hiru izan ezik: alarde publikoa antolatzearena, Irun 0 zabor egitasmoa aurrera ateratzearena eta hiriaren deszentralizazioa egitea. «Oso esanguratsua iruditzen zaigu ezkerreko programa batean berdintasuna, udal zerbitzuak auzoetara hurbiltzea eta 0 zabor politika modu egokian ez jasotzea. 62.000 irundarren beharrei erantzuten dizkielakoan gaude, eta gure ustez, erabat onargarriak ziren ezkerreko gobernu batentzat», esan dute koalizioko kideek.
PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IUren arteko gobernu koalizio berria osatu zenetik aste batzuk pasa diren honetan, koalizio subiranistako kideek ez dute «sakoneko aldaketarik atzeman». Horren aurrean, 17 proposamen egin zituzten EH Bildukoek, «beti ere irundarrak gure politiken erdigunean jarrita».
Guzti horietatik, ondorengo proposamenak hartu ditu bere gain udal gobernuak: Hizkuntza paisaia hobetzeko lokalez lokaleko lan bat euskarak presentzia gehiago izan dezan; etxebizitza hutsekin behingoz lan bat abiatzea; kultura eragileak babesteko plan berezitu bat egitea, eta euskal kulturaren sustapen argia egitea (euskal kulturarentzako espazio fisiko baten sorrera mahai gainean jarri zuten); ongizate arloan beharrezkoak diren baliabideak jartzeko konpromisoa hartu zuten aurkeztuko diren babesgabetasun egoerei aurre egiteko; etxegabekoen kasuan, gobernuak inork kalean (borondatez) lo egin behar ez izateko konpromiso argia hartu zuen; parte hartze zuzenari dagokionez, udal gobernuak konpromisoa hartu zuen auzotarren parte hartzea bultzatzeko; kirolean, batetik udal kirol instalazioak irekitzea auzotarrentzat, eta bestetik orain zuzenean kudeatzen ez dituen udal kirol instalakuntzen kontrola errekuperatzea; energia berdearen agentziarekin konpromisoa berrestea; eremu degradatuak bizi berritzeko plan estrategiko bat, eremu berde gehiago, eta korridore ekologikoen garapenean lan egingo duen hitza eman zuen udal gobernuak; arlo ekonomikoan, «eredu kapitalistaren gainbeheran dagoen honetan ekonomia sozial eraldatzaile bezalako planteamenduei eutsi behar zaiela» onartu zuen gobernuak; azkenik, duela bi aste autonomo, enpresa txiki, merkatari, ostalari, kultur eragile, eta abarrentzako aurkeztutako berraktibatze plan hori berea egin zuen udal gobernuak (3 milioi euro aurreikusi dituzte).
Onartutako proposamenei dagokionez, «jakin badakigu ez direla lotesleak udal gobernuarentzat eta paperak dena onartzen duela». Beraz, konpromiso horiek benetan bete daitezen exijituko du EH Bilduk, eta horretarako, ezinbestekotzat jo dute udal gobernua «hitzetatik ekintzetara pasatzea».
Datorren asteotan aurrekontuen gaineko negoziazioa helduko da eta EH Bilduk jada proposamen ugari egin ditu. «Inor atzean utzi nahi ez bada salbuespeneko egoera bati salbuespeneko neurriekin egin behar zaio aurre, eta horretan, gure taldetik elkarlanerako prestutasun osoa adierazten dugu. Beti ere irundarron bizi baldintzak hobetzeko asmoz».