Ertzaintzak GKSko bi kide jazarri dituela salatu dute
Larunbat goizean Hondarribiko San Pedro kalean gazte mugimenduko bi kide identifikatu zituztela salatu dute.
Sare sozialetan salatu berri dutenez, Bidasoko GKS mugimenduko bi gazte identifikatu dituzte asteburuan eskualdean. Larunbat goizean identifikatu zituzten Hondarribian, bikotea pankartak eta kartelak jartzen ari zela. San Pedro kalean Ertzaintzaren bi kotxek inguratu zituzten gazteak, paretaren aurka jartzera behartuta, eta soinean zeramaten material osoa miatu zieten. «Asteburuan polizia indarrek GKSko bi kide jazarri izana salatu nahi dugu. Beste behin ere politika egiteko askatasuna erasotu dute», diote amorruz Twitter-en.
Pandemia hasi zenetik, «osasun neurrien aitzakiapean polizia indarren aldetik militante politikoenganako jazarpenak» ugariak izan direla diote, eta asteburuko gertaerarekin, beste kasu baten aurrean daudela salatu nahi izan dute. Izan ere, identifikazio zein miaketen atzean soilik langile antolakuntzan oinarritutako militantzia politikoa dagoela uste dute. «Bide honetan, eguneroko jazarpen polizialaren aurrean militantzia politikoan berretsiko gara, oztopo guztien gainetik», erantsi dute.
Bide batez, larunbaterako (hilak 13) GKSk antolatutako elkarretaratzean parte hartzera deitu dituzte herritarrak.